AGAKO eguna, Altsasuko gazteekiko keinuarekin

Xabi Gorostidi 2018ko api. 13a, 09:58

Astelehenean hasiko da hiru gazte altsasuarren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta elkartasun argazkia aterako dute, Udalatxen, AGAKO egunari hasiera emateko. Ondoren, bazkaria, karro-poteoa eta kontzertuak egingo dituzte

AGAKOren urtebetetze pastelak 27 kandela izango ditu aurten, eta, horiek behar bezala ospatzeko, egitaraua mamitsua prestatu dute gaztetxean mugitzen diren elkarte guztiek.

Egitarauaren ekintza nagusia biharko AGAKO eguna izango da. Urtero legez, jaiak eta aldarrikapenak bat egingo dute, eta goizetik hasi eta gaueko ordu txikiak arte luzatuko da festa.

Talde argazkia Udalatxen

Eguna hasteko, Udalatxera igoera egingo dute, eta, behin goian, talde argazkia aterako dute Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko. Mendi puntan giroa jartzeko, txalaparta eta alboka doinuak izango dituzte lagun.

Ostean, bazkaria egingo dute gaztetxean, eta txartelak Jaizale eta Iluntz tabernetan eskuratu daitezke. Hans & Pello bikotearen emanaldi akustikoarekin amaituko dute bazkaria, eta, jarraian, herriko kaleetan zehar arituko dira. Karro-poteoa egingo dute, eta, horrez gain, sorpresaren bat edo beste ere izango da. Eguna ondo bukatzeko, gaztetxera itzuliko da jaigiroa, Deskarga eta WC taldeen zuzenekoekin. Esan beharra dago domekarako 18:30erako egingo dutela hitzordua, gaztetxea auzolanean garbitzeko.

AGAKO osasuntsu

Martxoaren 23an egin zuten 27. urteurreneko egitarauaren aurkezpena. Gaur egun AGAKOk duen osasun mailari buruz galdetuta, zera adierazi zuen Inesa Ugaldek: "Momentu honetan, nahiko ondo gaude. AGAKOz gain, beste asanblada batzuk daude, Guraso eta Haur Asanblada eta Pottogorriak taldea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak