"Bi urtean behin astebeteko bidaia egiteko ohitura dugu", adierazi dute otxoteko kideek, eta gaineratu: "Aurten, gainera, hamar urte beteko ditugu, eta horretarako egokia iruditu zaigu Erroma".
Bidaia horrekin, gainera, arrasatear bat omendu gura dute, Olatxo baserrian jaiotako Julian Sagasta, "Giuliano erromatarrentzat". Congregatio Sanctissimi Salvatoris Lateranensis ordenako abadeak entzute handia lortu zuen Santa Maria Nagusiko organo-jole lanetan jarduteagatik 60 urtean; Vatikano II Kontzilioko organo-jolea ere izan zen, organorako musikaren ikertzaile lanak egin zituen, San Giuseppe elizako parroko izan zen, eta gerraostean behar gehien zutenen alde jardun zuen lanean.
Txorbelako kideak Erromako hainbat talderekin jarri ziren kontaktuan iaz, eta harremanak estutzen hasi: "Erromako talde batek hartu zuen parte Arrasateko errugbi taldeak antolatutako ekitaldian, eta haiekin egon ginen. Aita Menniko ahizpa ospitalariekin ere egon gara, haiek Erroman duten egoitza nagusiko ordezkariekin harremanetan jar gaitzaten. Eta handik lagundu digute ostatuarekin eta bidaiari dagokion beste hainbat konturekin", adierazi dute eta gaineratu: "Arrasateko Udala ezin dugu ahaztu, bidaia finantzatzen lagundu digu eta".
Apirilaren 2tik 7ra bitartean
Guztira 29 lagun joango dira Erromara, 17 abeslariak eta 12 laguntzaileak.
Hilaren 2an hasiko dute bidaia, eta 3an, Giuliano Sagasta omenduko dute lurperatuta dagoen Europa hilerrian; iluntzean, 19:00etako mezatan abestuko dute. "Ondoren, San Giuseppe in Via Nomentana elizan, Giuliano parroko eta organo-jole izandako parrokian, emanaldi txiki bat izango dugu".
Apirilaren 4an, jesuiten ardurapean dagoen Gesu elizan abestuko dute, Loiolako Inazio lurperatuta dagoen elizan hain zuzen ere. "Hilaren 5ean, ostera, Vatikanoko San Pedro elizan abestuko dugu, 12:00etan, baita San Eugenio elizan ere, 19:00etan, eta gero, emanaldi txiki bat eskainiko dugu". Azken emanaldi hori Erromako Villa Pamphili errugbi taldeak antolatu du, eta eguna bukatzeko anaitasun afaria izango dute elkarrekin. "Erlijio-musika izango da nagusi emanaldietan; ilusio handiarekin gabiltza gertatzen azken hilabeteotan".
Apirilaren 6an hiria ezagutzeko aukera izango dute, 7an etxerako bidea hartu aurretik.