Erabakitzeko eskubidearen aldeko Herritarron Ituna osatuko duten 2.019 arrazoiak batzeko herriz herri dabiltza egiten saioak, eta gaur izan da Arrasateren txanda. Bospasei pertsonako lantaldetan banatuta, hainbat gairen inguruan hitz egin dute, iritziak eztabaidatu eta partekatuz.
Bost enbor edo gai nagusitatik abiatuta, euskararen, ingurumenaren, hezkuntzaren, feminismoaren eta autokudeaketaren ingurukoak izan dira azaleratu diren kezka nagusienak, eta Arrasateko Gure esku Dago-ko kide den Jasone Giraldok modu positiboan baloratu du goizak emandakoa: "Egia da ez garela aurkezpenean beste jende batu, eta gazte eta emakume gehiago faltan igarri ditugula; baina lantaldeek balorazio positiboa egin dute, gustuko lan dinamika izan delako eta pertsona berriak ezagutzeko aukera ere egon delako. Aberasgarria izan da". Gaur Arrasaten jasotako arrazoiak sailkatu eta nazio mailako Gure Esku Dago-ra bidaliko dituzte.
Hurrengo erronka, giza katea
Jasone Giraldok azaldu duenez, gaurko mintegiaren ostean, Arrasateko Gure Esku Dago-ren erronka ekainaren 10eko giza katea izango da. Hiru kilometro izango ditu Arrasatek giza katean, eta horiek osatzeko, 1.500 herritar behar dituzte.