Laburbirak geldialdia egingo du Arrasaten

Xabi Gorostidi 2018ko mar. 23a, 20:31

Oier Fuentes arrasatearrak zuzendu duen 'Kreba' filmaren fotograma bat.

Euskarazko film laburren zirkuituaren 15. edizioa martxoaren 27an iritsiko da Arrasatera, eta aurtengo edizioari bukaera emango dion emanaldia izango da. Zortzi film proiektatuko dituzte, besteak beste, Oier Fuentes arrasatearraren 'Kreba'.

Laburbiraren 15. edizioa zortzi film berezirekin dator aurten ere. Euskarazko film laburren zirkuituak 29 herri bisitatuko ditu, eta martxoaren 27an Arrasaten egingo du azken geldialdia.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltariak hamabost urte bete ditu aurten, bi helbururi eutsiz: euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagutaraztea, ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez, eta ikusleei hemen eta euskaraz sortutako film freskoekin gozaraztea. Gehienez zirkuitua ospatu baino bi urte lehenago egindakoak izaten dira.

Askotariko gaiak

Topaguneako antolatzaileek azaldu dutenez, gai ugari izango dituzte aurtengo zortzi filmek. "Aurtengo filmak elkarren oso desberdinak dira bai estilo aldetik, bai mezu aldetik: umorea, intriga, kritika, gure historiari begirada, kulturaren eta hizkuntzaren transmisioari keinua izango dira, besteak beste, ordu eta laurdenean publikoari hamaika sentsazio piztuko diotenak".

Hauek dira aurtengo egitaraua osatzen duten zortzi lanak, eta horien egileak: Ilunpetan (Koldo Carranza), Night Shift (Izaskun Arandia), Higadurak (Oihane Zunzunegi eta Amaia Otaola), Ejecutor (Javi Arriaga), Tazan (UDA films), Areka (Atxur animazio taldea), Kreba (Oier Fuentes) eta Zulo (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga).

Zuzendarien azalpenak

Laburbirak 29 herri bisitatu ditu, eta horietako seitan, gainera, zuzendariek solasaldiak egingo dituzte, Arrasaten esaterako. "Modu horretan, sortzaileek euren lana publikoari zuzen-zuzenean azalduko diete, eta ikusleek ere, zuzendariekin patxadan hitz egin ahal izango dute, etxeko sofan baleude bezala", azaldu dute antolatzaileek.

Saioa Amaia Antzokian izango da, asteartetako programazioaren barruan, 20:30ean hasita. Zulo film laburraren zuzendarietako batek, Amancay Gaztañagak, solasaldia egin du Imanol Gallego kazetariarekin batera.

Zuzendari arrasatear bat

Arrasatear batek egindako film bat dago aurtengo egitarauan. Oier Fuentes da bera, eta hainbat film labur eta dokumental egin ditu. 2017an Lekeitioko Euskal Zine Bileran Zuzendari Amateur Onenaren saria jaso zuen, eta Kreba filmarekin Eibarko eta Errenteriako lehiaketetan ere sariak jaso ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak