"Domina hau etxean ditudan emakumezkoei eskaini gura diet, eurena da-eta meritua. 36 urterekin oraindik atletismoan helburu konkretuak izatea, Mojategin neguari aurre egitea... Gogorra da, eta uste dut pista estaliko txapelketei agur esateko ordua iritsi dela", adierazi du atleta arrasatearrak: "Dagoeneko motibazioa joan zait neguan maila horretan entrenatzeko, hemendik aurrera, harmailetatik jarraituko ditut Malenen eta Istarren entrenamendu saioak". Hala, pertigistei eskerrak eman gura izan die emandako babesagatik, eta baita Iñigo Uribarreni ere.
Joan den astean Salamancan Espainiako Txapelketan egindako markak –urrezko domina M35 kategorian– garbi utzi zuen Europako Txapelketara sasoiko iritsi behar zela, eta atzo Madrilen berretsi zuen hori, 4,80ko saltoa egin eta podiumeko bigarren postura salto egin zuen eta. Pista estaliko denboraldia amaituta, atseden hartu eta atleta arrasatearrak aire libreko denboraldia prestatzen hasiko dira.