Hona hemen Arrasateko Sortuk kaleratutako oharra bere osotasunean:
"Antxo, Antonia Herriarenak zarete!
Espainiar estatuaren mendeku politikaren muturreko egoerak argitaratu zaizkigu oraingoan. Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoa Puerto III espetxean hilik aurkitu dute, herritik 1000 km-tara. Azken 10 urteetan espetxe baldintza gogorrenetan, torturatua, deserriratua, eta ziegaren bakardadean isolatua mantendu dutena.
Antonia ere zendu zaigu, Unai eta Jon Parot euskal preso politikoen ama, semeak etxean ikusi gabe, dispertsioaren muturreko aurpegia islatzen duena, gainean errepideko milaka kilometro zituelarik.
Xabier hilik agertu den espetxe berdinean aurkitzen da bere seme Unai, isolamendu egoeran, azken 29 urteak daramatza preso, eta aurki beteko ditu bere kondenari dagozkion 30 urteak, baina hori nahikoa ez balitz, sumario berri bat zabaldu zioten espetxean zelarik, eta beste 12 urteko kondena berri bat hasiko luke datorren urtean, ADI 42 urte beteko ditu espetxean, bizi osoko zigorra ezarri diote, bertan hilko dute.
Jon anaiak ere 25 urte daramatza Frantziako espetxeetan gatibu, bosgarren aldiz ukatu diote baldintzapeko askatasuna, kasu isolatua frantziar legedirako.
Integraziorako tresna gisa saltzen duten espetxe politika nola uler liteke kasu hauetan? Mendeku eta Salbuespen testuinguru batean soilik.
Unai, Jon eta beste guztiak kalera! Herriarekiko maitasuna, borroka eta duintasunaren bidea argituko dituzten izar berriak piztu dira euskal herriko zeru gainean.
Memoriaren errelatoan, etxean ezkutaturik nahi gaituzte, baina zuek Antxo, Antonia Herriarenak zarete!
Agur eta ohore!"