Atzo Kulturateko aretoa herritarrez bete zen, 100 lagunetik batu baitziren bertan. "Ez genuen halako jendetza espero. Herriaren aldeko lanak egiten ditugunok, asko eskertzen dugu jendeak horrela erantzutea" azaldu du Arrasateko Gure Esku Dago plataformako Jasone Giraldok.
Ordu erdiko iraupena izan zuen saioak. Hasieran, 2013tik hona Gure Esku Dagok egindako ibilbidea errepasatu zuten, ikus-entzunezkoen bidez. Ostean, aldiz, datorrenari begira jarri ziren; giza kateari eta 2019 ideia pilatuko dituen Herri Itunari.
Lehenarekin lotuta, jada zehaztuta dago arrasatearrek non parte hartuko duten. Manurga eta Gopegi herrian artean dauden hiru kilometro bete beharko dituzte, ibilbideko 182, 183 eta 184 kilometrokoak hain zuzen.
Herri Itunerako ekarpenak jasotzeko, aldiz, martxoaren 24an finkatu dute hurrengo hitzorduan. "Lau bloke zehaztu ditugu ekarpenak egiteko: Kultura, ongizatea, Gure Lurra eta herritartasuna. Hala ere, adar nagusi horietatik adar txikiagoak atera ahalko dira, beste azpigai batzuk, alegia" azaldu du Giraldok.