Herri ordezkariekin egindako mahai-inguruekin hasiko da 'Harira' saioa

Goiena 2018ko mar. 4a, 21:00

Eneko Azkaratek aurkezten duen Harira saioa beste aro baten sartuko da oraingo astean. Hain justu ere, eskualdeko udalbatzetan ordezkatuta dauden alderdietako bozeramaileekin edo ordezkariekin, mahai-inguruak antolatuko ditu gori-gori dauden gaien eta udalen jardunaren gainean berba egiteko. Arrasateko ordezkariekin hasiko du oraingo martitzenean.

Martxoaren 6an, martitzenean, Arrasaterekin hasi eta eskualdeko gainerako herriekin segituko du saioak, astero-astero, herri handienetik, txikienera. 21:00etan eta 23:30ean emango da saioa.

"Urrian eskualdeko alkateekin hasi genuen erronda; Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdietako bozeramaileen elkarrizketekin jarraitu genuen, Markel Olano ahaldun nagusiarekin amaituz; urtarrilean eta otsailean, Eusko Legebiltzarrean aztergai duten Autogobernu ponentzia izan dugu aztergai, ordezkari politiko ezberdinekin, eta, orain, zinegotzien txanda da" dio Eneko Azkaratek Harira saioaren aurkezleak.

Gonbidatu bat baino gehiagorekin egindako saioak izango dira, ez elkarrizketa soilak, orain arte moduan. "Ikuspuntu ezberdinekin aztertuko dugu herrietako aktualitatea: proiektuak, asmoak, egindakoak…". Horretarako, udalbatzetan ordezkatuta dauden alderdi guztiei egin zaie gonbita. "Batzuk uko egin diote parte hartzeari, esaterako, Arrasateko eta Bergarako Udal gobernuetako ordezkariek ziurtatu digute ez direla saioan egongo" dio.

Hala, oraingo martitzeneko saioan, Arrasatekoan, Eneko Barberena (EH Bildu) eta Igor Urizar (Baleike Arrasate) izango dira mahaiaren bueltan, eta Juan Luis Merinoren (Irabazi) ahotsa ere entzungo da, nahiz eta ez platoan bertan, hizkuntza muga delako haren kasuan.

Herritarren zinegotziei galderaren bat egin nahi badiete, aukera dute Harira-n. Bi bide dute horretarako:

  • Posta elektronikoa: berriak@goiena.eus
  • Whatsapp: 688 69 00 07

Galderak bidaltzeko epe-muga astelehena da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak