"Asteburu polita pasako dugu Mucientesen"

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 2a, 15:45

Asteburu honetan Valladolideko Mucientes herrira doa Txorbela otxotea, eta hango abesbatzarekin batera kontzertua eskainiko du. Bidaia horretaz eta Txorbela otxoteak dituen asmoez aritu da Mikel Balanzategi presidentea. Apirilean Erromara egingo duten bost eguneko bidaia izango da aurtengo ekintzarik garrantzitsuena. Bestalde, gogoratu behar da iaz argitaratutako diskoa salgai dutela oraindik. Salmenta "ondo" doala aitortu du Balanzategik.

Valladolideko Mucientes herrian abestuko duzue asteburu honetan. Zer dela eta?

Hori da. Gure taldeko kide baten ama hangoa da, eta baditu zenbait kontaktu han. Haren bitartez suertatu zaigu han abesteko aukera. Bestalde, Arrasaten ere badaude zenbait herritar hangoak direnak.

Zein izango da plana?

Bihar joango gara. Hotela hartuta dugu dagoeneko. Beraz, bihar abestu, gaua han pasa eta domekan, bazkalostean, buelta egingo dugu. Abestuko dugun aitzakiarekin, asteburu pasa polita egingo dugu.

Mucientesko San Pedro elizan eskainiko duzue kontzertua.Nolakoa izango da?

Herrian abesbatza txiki bat dute. Beraz, haiek kontzertu erdia egingo dute eta, ondoren, guk beste erdia. Guri dagokigunez, apirilean, Aste Santu ostean, Erromara goaz. Vatikanoan eta beste hainbat elizatan abestuko dugu, eta hor abestuko ditugun kantuak abestuko ditugu biharkoan ere.

Aipatu duzu Erromara zoaztela. Nolatan?

Bost eguneko bidaia egingo dugu. Julian Sagasta arrasatearra – Olatxo baserrian jaiotakoa– organo-jole egon zen Vatikanoan, baita Santa Maria Nagusia basilikan ere. Hari omenalditxoa egiteko asmoa daukagu. Beraz, hura parroko egon zen elizako meza batean abestuko dugu, eta meza ostean kontzertu txiki bat eskainiko dugu. Ondoren, Vatikanoan eta beste bi elizatan ere abestuko dugu. Guztira, lau kontzertu txiki eskainiko ditugu.

Turismo apur bat egiteko ere aprobetxatuko duzue bidaia?

Denbora librea edukiz gero, egingo dugu zerbait, bai. Egun oso bat badaukagu libre, behintzat, eta beste egun batzuetan goizak ere libre ditugu. Beraz, inguruak ezagutzeko ere aprobetxatuko dugu. Izan ere, lehen aldia izango da Erromara horrelako bidaia bat egingo duguna. Ohitura dugu bi urtean behin horrelako bidaia bat egiteko. Stockholmera (Suedia) egin genuen bat, Granadan eta Galizian ere egonda gaude...

Iaz argitaratu zenuten diskoak zer moduzko harrera izan du?

Salmenta ondo doala esango nuke, disko dezente saldu ditugu dagoeneko, eta oraindik ere salgai daude, interesa duenarendako.

Nolakoa da diskoa?

23 abestiz osatutako diskoa da. Batez ere, euskal kantak ditu, lehengoak eta oraingoak. Abesbatzendako badaude abesti modernoagoak ere, eta horietako batzuk ere jasotzen ditu gure diskoak. Horrez gain, Santa Agedako pare bat abesti ere bai.

Oraindik salgai dagoela diozu.

Bai. 10 eurotan dago, Ezkiña, Itzala, Rumba eta beste hainbat tabernatan, baita Elkar argitaletxean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak