Martxoaren 18tik 25era bitartean egingo du Oñatiko Udalak askotariko herriko eragileekin eta Ahotsenearekin elkarlanean musikagintza gertutik ezagutaraztea helburua duen Beratu jaialdia. Azken ukituak ematen ari dira, eta martxoaren 6an, martitzena, 18:00etan batuko dira berriz ere antolaketako taldeko kideak Eltzia gunean. Deialdia irekia da; hortaz, jaialdian lagundu gura duen edonor joan daiteke. Informazio gehiago: info@beratu.eus atarian.
Eskaintza zabala dakar Beratu-k, askotariko kontzertuak, adibidez. Emanaldi batzuk doakoak dira, baina ordaindutako sarrera izango dute aurkezpen egunekoak eta martxoaren 24an gaztelekuan izango denak. Bibe.me atarian eros daitezke, zortzi eta hamar eurotan.
Martxoaren 25ean DJ makalak 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako APP Musika tailer bi egingo ditu gaztelekuan. Smartphonea edo tableta eta aurikularrak eraman behar dira. Izena emateko: info@beratu eus.