EFE agentziak ezagutzera eman duen sententziaren arabera, urriaren 11n goizeko seietan gertatu zen liskarra, Arrasateko Azeri kalean. Hurbileko diskoteka baten aparkalekuko auto artean txiza egiten ikusi zuten udaltzainek gizonezko bat. Udaltzainetako batek jarrera hori leporatu zion eta une hartan, gizonezkoa bi udaltzainak iraintzen hasi zen. Udaltzainek identifikatzeko eskatu zioten, baina akusatuak ez zuen bere burua identifikatu nahi izan eta jarrera erasokorra erakutsi zuen. Ondorioz, udaltzainek hirugarren lankide baten laguntza eskatu zuten.
Hiru poliziek berriz eskatu zioten gizonari identifikatzeko, eta sententziaren arabera, une hartan udal langileetako bati ukabilkada jo zion bularrean. Akusatuaren jarrera bortitzagatik, Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten udaltzainek, eta patruila bat bertaratu zen.
Bost polizia zeuden arren, une batean akusatua udaltzain bakarrarekin gelditu zen eta momentu hartan auzipetua udaltzainaren gainera bota zen. Erasoa jaso zuen udaltzainak defentsarako makila luzagarria erabili zuen bere burua babesteko. Orduan, auzipetua babes hori kentzen saiatu zen udaltzaina astinduz; hori ikusirik beste lau poliziak gizonezkoa menderatzen saiatu ziren. Akusatua "guztiz asaldatuta" zegoela adierazi zuten poliziek, eta erresistentzia erakusten zuela "modu tematian, baita lurrean zegoenean ere", poliziei "ostikadak, kolpeak eta bultzakadak" emanez. Liskar hauen ondorioz, udaltzain bat eta ertzain bat zauritu zituen akusatuak.
Bi urte eta erdiko kartzela zigorra jaso duen gizonezkoaz gain, beste bi pertsonek ere poliziei eraso egin ziela jakinarazi dute sententzian. Bietako bat ertzainetako baten gainera bota zen "biak lurrera eroriz", eta bestea ukabilkadak jotzen saiatu zen, baina "ez zuen inor harrapatu", sententzian jaso denaren arabera.
Sententzia
Akusatu nagusia kondenatua izan da polizien aurka eraso egiteagatik; hiru lesio delitu egotzi dizkiote, eta horri gehitzen zaio modu errepikakorrean eraso egiten saiatu izana. Ondorioz, bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote.
Horretaz gain, eragindako zauriengatik, lesionatutako ertzainari 6.030 euro ordaindu beharko dizkio, erasotua izan zen udaltzainetako bati 2.400 euro eta bere lankideari 960 euro.