Asteazkenean lau orduko lanuztea egingo dute Udaleko langileek

Xabi Gorostidi 2018ko ots. 26a, 15:58

Otsailaren 28an EAEko Udal eta Foru administrazioko erakunde guztietan lanuzteak deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Euren ustez sektore horretan "azken urteotan lanpostu asko galdu dira, egin diren kontratuak behin-behinekoak dira, eta zerbitzu asko pribatizatu dira". Udal langileek lanuztea egingo dute 11:00etatik 15:00etara, eta 11:15ean elkarretaratzea egingo dute plazan.

Hona, urtarrilaren 31ko datarekin, ELA eta LAB sindikatuek kaleratutako oharra, bere osotasunean:

"Pasa den abenduan iragarri genuen bezala, sektore honetan azken urteotan lanpostu asko galdu dira, egin diren kontratuak behin-behinekoak dira, zerbitzu asko pribatizatu dira hauen kalitatea eta langileen baldintzak nabarmenki okertu direlarik eta eroste ahalmen handia galdu dugu langileok. Horrela, EUDELek berak onartzen duenez, behin-behinekotasunak %36a gainditzen du, eta langileok ikusi dugu nola gure eroste-ahalmena %10 baino gehiago murriztu den.

Pasa den abenduan bertan egin genituen mobilizazioak Elkargoko hiru Aldundien aurrean. Tamalez, gauzak ez dira aldatu. Alderdiek ez diete erantzunik eman gure aldarrikapenei, ez dute esan EUDELek duen jarrerarekin bat datozen edo kudeatzen dituzten erakundeetan Udalhitz hitzarmena betetzeko asmorik duten. Horrela, ulertu behar dugu isiltasun horrek adostasuna erakusten duela eta langileok berdin segituko dugula.

Egoera honen aurrean, eta abenduan aurreratzen genuen bezala, erabaki dugu mobilizazioekin jarraitzea eta, gainera horien maila igotzea: hala, hurrengo otsailaren 28an lanuzteak eginen ditugu EAEko udal eta foru sektoreko erakunde guztietan. Hain zuzen ere, 4 orduko lanuztea egingo dugu (11etatik 15ak arte, goizeko txandan; eta 15etatik 19ak arte, arratsaldekoan). Egun horretan bertan mobilizazioak eginen ditugu hiru hiriburuetan eta zenbait eskualdetako buruetan.

Aldarrikapenak, iragarri bezala, hurrengoak dira:

• Zerbitzu publikoak garatu. Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu, pribatizazioak  geldituz. Pribatizaturiko zerbitzuetan langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu.

• Enplegu Publikoaren alde: Suntsitutako enplegua berreskuratu eta behin-behinekotasun tasak %6ra jaitsi, akordioak betez. Lanpostuak egonkortu eta sortu. Eta betetzeko Langile batzordeen gehiengoarekin adostutako LEPak deitu.

• Negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratu: Galdutako eskubideak eta eros-ahalmena  berreskuratu.

Eta berauek lortzeko dei egin nahi diegu langile guztiei 28an LANUZTEAN eta mobilizazioetan parte hartzeko, bakarrik mobilizazioen bidez lortuko baitugu egoerari buelta ematea.


KALITATEZKO ZERBITZU PUBLIKOEN ALDE, ENPLEGU PUBLIKOAREN ALDE ETA GURE
ESKUBIDEAK BERRESKURATZEAREN ALDE".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak