"Federazioak eskatzen duen marka minimoa –4,40metro– lortu dut pista estalian eta hori niretzako ikaragarria da. Izan ere, nire marka 4,11koa zen pista estalian. Oraindik ez naiz federaziokoekin egon eta ez da ofiziala baina ziurrenik Berlinera joango naiz abuztuan", argitu du Axpek.
"Aire librean, 4,30 metroko jauzia da nire marka eta pista estalian 4,40 egitea sekulakoa da niretzako", gaineratu du. Izan ere, dena ondo bidean 4,40 hori gaindituko du-eta Axpek aire libreko Berlineko proban.
4,40 helburu
Hain justu ere, 4,40 metroko salto minimoa behar da Europako txapelketara joateko eta Axpek lortu berri du esan moduan bere marka pertsonala gaindituta. Axpek, Iruñean entrenatzen du Larrabiden Francis Hernandez entrenatzailearen gidaritzapean. "Selekzioko zerrenda irten denean, minimo hori egin dutenen zerrenda irtengo da eta barruan egongo naiz Europara joateko abuztuan. Helburua bete dut, baina ez nuen espero horren azkar lortzea", azaldu du arrasatearrak.