Zaldibarren hartu dute trena eta Elorregira artean, mantso-mantso, baina geratu barik egin dute aurrera. Vasco-Navarro trena Arrasatera 1918ko otsailaren 15ean iritsi izanaren urteurrena aitzakia besterik ez da izan orduko kontuak gogora ekartzeko: meatzaritzaren eta industriaren iraultza, populazioaren hazkundea, Biteri eskola, Union Cerrajera...
Herritarrak jakin gura handiarekin gerturatu dira; batzuk trenaren oroitzapen gutxi haiek berritzeko gogoarekin eta beste batzuk, sasoi hartako kontuak ezagutzeko asmoarekin. Bergaran bisitan den Txileko familia bat ere izan da ibilaldian. Eta guztiek, bertakoek zein kanpokoek, adi-adi jarraitu dituzte Otaduyren kontakizunak.