2018ko lehen Merkemerkaua egingo du Ibai-artek gaur eta bihar artean. Irailean egin zen azken edizioa, Erdi Aroko feriarekin batera. Horren eragina gutxitzeko asmoz, Ibai-arteko dendariek azoka egubakoitz arratsaldean ere egitea erabaki zuten, eta, ondo joan zela ikusita, asteburu honetan ere bi egunez aterako dituzte produktuak kalera. "Erdi Aroko azoka zela-eta erabaki genuen Merkemerkaua ostiralez ere egitea. Oso erantzun ona izan zuen, eta, hori ikusirik, formula berbera erabili dugu oraingoan ere", adierazi du Ibaiarteko kide batek.
Laguntza musikala
Hala, gaur, egubakoitza, 16:30etik 20:00etara egongo da maukak erosteko aukera. Bihar, aldiz, egun osoz, 10:00etatik 20:00etara. Gaur arratsaldean, herriko kaleetan musikarik falta ez dadin, Trikitixa Eskolakoen laguntza izango dute merkatariek. Ibaiarteren helburuen artean dago herriko beste eragile batzuekin elkarlana izatea, eta Trikitixa Eskolaren parte hartzea horren adibide da.
Bihar, ordea, BraZZtet Brass Band taldeak izango du ardura hori, eta bi txandatan arituko dira: goizean 11:30etik 13:30era eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara. Aurretik parte hartu izan dute merkatari elkartearekin; adibidez, 2017ko urrian antolatutako Zatoz Ibai-arterekin plazara ekimenean.
Herriko 30 komertzio
Oraingo honetan, udazkeneko eta neguko produktuak prezio erakargarrietan jarriko dituzte herriko 30 dendarik. Besteak beste, moda, lentzeria, osagarriak eta oinetakoak izango dira aukeran. Azkenaldiko eguraldi petralik ez da izango, eta giro atsegina alde izango dute, bai gaur, eta baita bihar ere.
Honako kale hauetan eta plazetan jarriko dituzte euren maukak salgai: Biterin, Erdiko kalean, Garibain, Olarten, Otaloran, Iturriotzen, Ignacio Zuloagan, Arbolapetako karpan, Juan Carlos Guerra plazan, Maalako Errebalean, Zerkaostetan, Foruen plazan, Doctor Bañezen, Maisu Aranon eta Zarugalden.