Urrea partekatu du Ruiz de Azuak eta brontzea Axpek, pertika-jauzian

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 21a, 17:06
Malen Ruiz de Azua –gorriz– eta Maialen Axpe –urdinez–, podiumean. Argazkia: Jonathan Perez.

Valentzian jokatutako pista estaliko Espainiako Txapelketa absolutuan podium bitxia osatu da; izan ere, Malen Ruiz de Azuak urrea partekatu du Monica Clemente kataluniarrarekin, eta Maialen Axpek, berriz, brontzea Carla Franch valentziarrarekin.

Emakumezkoen pertika-jauzian ez da zilarrezko dominarik banatu. Izan ere, Malen Ruiz de Azuak eta Monika Clementek urrea partekatzea erabaki dute, marka bera egin ostean. 4,31 metroko marka biek lehenengo saiakeran gainditu ostean, 4,36 metrokoa bietako inork ez du gainditu. "Bi aukera genituen: berdinketa hori apurtzen saiatu, edo lehenengo postua partekatu. Hitz egiten egon ostean, bigarren aukerarekin geratzea erabaki genuen", azaldu du. Hala, garaipena partekatua bada ere, bigarren urtez segidan irabazi du Ruiz de Azuak pertika-jauzian, pista estalian. "Oso pozik nago. Txapelketara sentsazio onekin iritsi nintzen, aurreko asteetako entrenamenduetan maila ona emanaz. Sentsazio on horiek txapelketa honetan errematatzea nahi nuen, azken finean, Espainiako Txapelketa garrantzitsuena delako. Zorionez, hala izan da", adierazi du.

Bide batez, bere marka pertsonala ondu du arrasatearrak. Pista estalian 4,21 metroko marka zeukan eta aire zabalean 4,26 metrokoa. "Gutxien espero nuenean lortu dut", onartu du.

Maialen Axpek ere brontzea partekatu behar izan du. "Txapelketa bera egin dugu. Huts egindako jauzi kopuru bera izan dugu eta 4,16 metroko marka ere biok hirugarrenean gainditu dugu. Beraz, hirugarren postua biontzat", zehaztu du. Pozik azaldu da egindako txapelketarekin, baina arantzatxo batekin geratu dela onartu du. "Sentsazio onak nituen eta uste dut hobeto ibil nintekeela".

Axpek ere bere marka pertsonala hobetu du. "Duela bi aste Zaragozan 4,12 metroan ezarri nuen nire marka, eta orain lau zentimetro ondu dut". Aitortu du "teknikoki eta fisikoki" hobetuz doala urtetik urtera eta horrekin geratzen dela. "Ikusten dut hobetzeko aukera dudala oraindik, eta lanean jarraituko dut horretarako".

Dapenak, brontzea

Gizonezkoen pertika-jauziari dagokionez, Istar Dapenak brontzea eskuratu du, 5,22 metroko marka lortuta. Hala ere, zapore gazi-gozoa utzi dio txapelketak. "Urte osoan ibili naiz entrenamendu gogorrak egiten eta min hartuta iritsi naiz, orkatila gaizki eta iskioetan gainkarga batekin. Horrez gain, sukarra nuen. Ez nuen lehiatu nahi, motibazio guztia galdu nuen. Hala ere, entrenatzaileak eta ingurukoek animatu ninduten eta parte hartzea erabaki nuen", azaldu du.

Fisikoki ondo egon ez arren, azpimarratu du pertikan teknika ere "oso garrantzitsua" dela, eta hori ondo landuta, hirugarren postua eskuratu zuen arrasatearrak azkenean. Kontuan hartuta ze baldintzatan lehiatu zuen, emaitza ona da. Hala ere, pena du Dapenak. "Ondo egongo banintz, txapelketa irabazteko aukerak izango nituen", nabarmendu du. Markari dagokionez, 5,22 metroko jauzia egin zuen, pista estalian daukan marka pertsonala bi zentimetrotan hobetuz. "Hainbeste entrenatu ondoren, gutxienez 5,40 metroko markaren bueltan ibiltzea espero nuen", dio.

Hala ere, gustura dago Dapena, eta azaldu du horrek motibazio modura balioko diola aurrera begira. "Baldintza hauetan egonda emaitza hauek lortzeko gai izan banaiz, hobetzeko aukera asko ditudala iruditzen zait, eta horrek motibatzen nau".

Ibai Fernandez, 60 metroko proban

Azkenik, Ibai Fernandezek ere parte hartu du 60 metroko lasterketan, nahiz eta ez duen lehen kanporaketa gainditzerik izan. Hala ere, absolutuan lehiatzea bera saria da atleta gazte honentzat.

Martxoan 20 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan parte hartuko du Fernandezek, Valentzian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak