Espainiako Txapelketa Absolutua jokatu da aste bukaera honetan Valentzian. Arrasateko atletak Estatuko onenekin lehiatu dira eta marka onak egin dituzte Luis Puig belodromoan.
Iaz moduan Malen Ruiz de Azua eta Maialen Axpe podiumean izan dira. Ruiz de Azuak Espainiako txapeldun titulua berretsi du. 4 metro eta 31 zentimetroko marka egin du, hain zuzen ere Monika Clemente kataluniarrak bezala. Biek jaso dute urrezko domina.
Zilarrezko saria hutsik gelditu da eta brontzezko dominan berriz ere berdinketa egon da. Maialen Axpek jaso du bi brontzezko dominetako bat, eta Carla Francyk bestea. Bi pertika-jauzilariek marka berdina egin dute: 4,16.
"Gogo handiarekin nentorren txapelketa honetara eta entrenamendu saioetan sentsazio oso onak nituen. Lehia luzea eta gogorra izan da eta oso pozik nago txapeldun titulua berritzearekin. Zorionak baita ere Monikari!", esan du hedabideen aurrean Ruiz de Azuak.
Istar Dapenak brontzea
Gizonezkoetan Istar Dapenak bost metro eta 22 zentimetroko marka egin du Espainiako Txapelketan. Aurreko astean 5,50 metroko jauziarekin lortu zuen finalerako txartela eta marka hori hobetzea zuen buruan pertika-jauzilari arrasatearrak. Ezin izan da, baina lan txukuna eginda itzuliko da txapelketatik. "Itxaropen handia nuen, baina arazo batzuk tarteko gauzak ez zaizkit nahi moduan atera. Gehiago egin zitekeen!", esan du sare sozialen bitartez.
Laugarren atleta arrasatearra Ibai Fernandez zen. Estatuko gizonik azkarrenekin lehiatu da, eta ezin izan du kanporaketa gainditu.
Argazkien iturria: RFEA