Partidu garrantzitsua zuen MUk gaurkoa, konfiantza berreskuratzeko aukera aparta. Eta lortu dute helburua. Arrasatearrek gogoz hasi dute partidua –euren asmoak azalaraziz–: markagailuak euren alde egin du hasieratik. Bada, gero eta handiagoa zen ordiziarrekiko aldea; ia 30 puntuko errenta lortu dute.
Dena den, zaila izan ohi da gora bideari eustea, ez da edozelako erronka, eta gerturatu egin dira ordiziarrak. Atsedenean, 50-39 zioen markagailuak. Gakoak gako, ordiziarrak ez bezala, arrasatearrak ez dira oso fin ibili hiruko jaurtiketetan.
Bide berean jarraitu du bigarren zatiak; tarteka, hirunaka zenba zitezkeen ordiziarren saskiratzeak –hirukoekin–. Eta urduritasuna eragin die horrek: jaurtiketa libreek ere ez zuten sartu gura. Ia 3 minutu faltan, 77-72 zioen markagailuak. Soilik, 5 puntura murriztu dute errenta ordiziarrek.
Baina, sarri, hotz jokatzean dago gakoa. Eta hala jardun dute arrasatearrek, besteak beste, baloiak lapurtuz eta kontrarioaren hutsak eraginez. Partiduko azken minutura errenta zabalagoaz joatea ahalbidetu die horrek; 23 segundo faltan, 84-77. Jada eurena zen garaipena, eta azken segundoetan ez da apartekorik gertatu. Partidu bukaeran: 85-79.
Konfiantza berreskuratuz
Partidu bukaeran "pozik" azaldu da Iñaki Ogara Ortiz de Arri MUko entrenatzailea: "Partiduko 40 minutuetan lehian jardun du taldeak, besoak jaitsi barik. Garaipen garrantzitsua da, duda barik. Halakoak ezinbestekoak dira konfiantza berreskuratzeko". Hori horrela, onartu du "indartsu" helduko dietela hurrengo partiduei.
Lesioa
Bigarren laurdenean min hartu du Justin Satchell jokalari ipar-amerikarrak; ez du gehiago jokatu. MUtik baieztatu dutenez, proba medikuak egingo dizkiote astean, lesioaren larritasuna zehazteko. "Denboraldi hasieran ere toki berean hartu zuen min. Dena den, ez dakigu gaurkoak orduko lesioarekin harremanik duen. Astean ikusiko dugu", diote.