Beste behin, euskarazko sormena eta zaletasuna sustatuz

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 8a, 17:41

Martxan da Arrasate Euskaldun Dezagun Elkarteak antolatzen duen Arrasate Literatur Lehiaketa; hiru modalitate egongo dira aurten –ipuinak, poesia eta bertso-paperak– eta lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 15a izango da; gaia librea da modalitate eta adin talde guztietan.

Dagoeneko abian da AEDk antolatzen duen Arrasate Literatur Lehiaketa. 31. edizioa izango du aurten. Beste edizio bat, baina helburuak betikoak. “AEDk antolatu zuen lehenengoetako ekintzetako bat izan zen lehiaketa hau, eta hasieratik helburu bera izan du. Euskarazko sorkuntza eta euskarazko literaturarekiko zaletasuna bultzatzea, hain zuzen. 31 urte pasatu dira dagoeneko, baina urtero baloratzen dugu ekimen hau, eta pentsatzen dugu oraindik ere beharrezkoa dela. Bereziki, ikusentzunezko teknologien indarraren aurrean, idazketak ariketa berezi bat eskatzen du norbere buruarekiko eta gainontzekoekiko. Beraz, horrelako lehiaketak beti datoz ondo”, dio Itxaro Artolak, AEDko kideak.

Hiru modalitate edo genero ezberdinetan banatuko da lehiaketa: ipuinak, poesia eta bertsopaperak. "Urte hauetan guztietan eboluzio handia egon da generoei dagokienez. Hainbat genero landu izan ditugu, baina duela urte gutxi erabaki genuen jatorrizkoetara itzultzea eta zentratzea idazkera bereziki lantzen den arloetan. Beraz, aurten ere ildo horretatik jarraituko dugu", azpimarratu du Artolak.

Bestalde, adinaren araberako lau taldetan banatuko dira parte-hartzaileak: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleak; DBHko lehen eta bigarren mailetakoak; DBHko hirugarren eta laugarren mailetakoak eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetakoak. Hemen dago aurtengo berrikuntza. Izan ere, orain arte, 17 urtetik gorako guztiak azken multzo horretan egon dira, eta aurten, Batxilergoko ikasleetara mugatu da taldea. Beraz, nagusiagoek ezingo dute lehiaketan parte hartu. "Epaimahaikide batzuek adierazi ziguten horrek arazoak sortzen zituela lanak baloratzeko orduan. Batxilergoko ikasle baten eta adinez nagusiagoa den baten artean desberdintasun handiak egon daitezkeelako. Beraz, helduei adierazi nahi diegu aurten ezingo dutela parte hartu, baina pentsatzen ari garela bereziki helduei zuzendutako beste ekimen bat martxan jartzea", adierazi du AEDko kideak.

Martxoaren 16ra arte

Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 16a izango da, eta bi modu egongo dira horretarako: aed@aedelkartea.eus helbidera idatzita eta paperean inprimaturik AEDko bulegoetan.

Lehiaketako oinarriak:

• Lehiaketa hauetan Debagoienean bizi edota ikasten duten gazteek parte har dezakete, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. mailara arte.
• Soilik euskarazko lanak eta inoiz saritu edota argitaratu gabekoak aurkez daitezke.
• Gaia librea da lehiaketa eta adin maila guztietan.
• Parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez dezake.
• Idazlanak tarte bikoitzez eta ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira.
• Lanak aurkezteko bi modu daude aukeran:

1. Posta elektronikoz. Bi dokumentu bidali behar dira helbide honetara: aed@aedelkartea.eus
Dokumentu batean lehiaketara aurkeztutako idazlana joango da, lelo batez sinatuta eta egilearen izenik gabe. Bestean, berriz, datu hauek zehaztuko dira:

 Idazlanari jarri zaion leloa
 Egilearen izen-abizenak (egileak bat baino gehiago badira, guztienak aipatu)
 Jaiotze-data
 Ikasturte honetan zein mailatan dabilen
 Etxeko helbidea
 Posta elektronikoa
 Telefono zenbakia

2. Paperean inprimaturik. Idazlanaren hiru kopia aurkeztu behar dira, lelo berarekin sinatuta hiruak. Horrekin batera gutun azal itxi bat aurkeztuko da, arestian aipatutako datu guztiekin orri batean.

• Lanak AED elkartean aurkeztu behar dira, aed@aedelkartea.eus e-postara edo Pablo Uranga 4, behea. 20500 Arrasate helbidera bidaliz.
• Lanak aurkezteko epea 2018ko martxoaren 16an bukatuko da.
• Epaimahaia AED elkarteak aukeratutako pertsonek osatuko dute.
• Finalisten zerrenda 2018ko maiatzaren 4an kaleratuko du epaimahaiak.
• Behin betiko irabazleen izenak 2018ko maiatzaren 10ean egingo den sari-banaketa ekitaldian jakinaraziko dira.
• Aurkeztutako lanek gutxieneko kalitaterik ez balute, sariak hutsik uzteko erabakia har dezake epaimahaiak.
• Horra hor lehiaketa eta adin maila bakoitzari dagozkion sariak eta aurkeztu beharreko lanen gutxi gorabeherako luzerak:

IPUINA
LH5-LH6 1-2 orrialde 100 € Oparia
DBH1-DBH2 1-2 orrialde 125 € Oparia
DBH3-DBH4 2-4 orrialde 150 € Oparia
Batxilergoa 3-5 orrialde 200 € Oparia

POESIA
LH5-LH6 20 lerrotik gora 100 € Oparia
DBH1-DBH2 25 lerrotik gora 125 € Oparia
DBH3-DBH4 30 lerrotik gora 150 € Oparia
Batxilergoa 35 lerrotik gora 200 € Oparia

BERTSO-PAPERAK
LH5-LH6 Hiru bertso 100 € Oparia
DBH1-DBH2 Lau bertso 125 € Oparia
DBH3-DBH4 Bost bertso 150 € Oparia
Batxilergoa Sei bertso 200 € Oparia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak