Familiei zuzendutako txotxongilo antzerki bat da Kontukantari 2, Mendian Ibiltari. 50 minutu inguru irauten du emanaldiak, eta betiko euskal kantuak interpretatzen ditu eta erritmo desberdinetara eraman, umorea erabiliz. Haurrei zein gurasoei zuzenduta dago, euskal kantu horiek "txikiek ikas ditzaten eta nagusiek ahaztu ez ditzaten".
Honela azaltzen du antzezlanaren gidoia Jon Koldo Vazquezek, konpainiako kideak: "Nanu, Granu eta Kanuto txango berri bat egiteko prestatzen ari dira. Arratsalde honetan, mendi tontor gainera igo behar dute, baina aldapeko sagarraren adarraren puntan aurkituko dute loretxo bat eta... txist! Baxuago abestu! Haurtxo polita sehaskan dago zapi zuritan txit bero...".
Kontukantari proiektua 2014an abiatu zen, eta horri jarraipena emateko asmotan sortu da Kontukantari 2, Mendian Ibiltari. Emanaldi horretarako, "oroimenean" dituzten beste hamar abesti berrikusten dituzte: Haurtxo polita, Axuri beltza, Aldapeko, Ikusi mendizaleak, Loretxo bat, Baratze bat, Kolpe kolpeka, Guk euskaraz, Furra furra eta Arratsalde honetan.
Laenananaranja
Laenananaranja Bilbon sortu zen, 1999an, familia antzerki kritiko-konstruktiboa eginez egunerokotasunari aurre egiteko. Hamabost urteko ibilbide honetan, umeei hurbiltzeko biderik aproposena txotxongiloak direla ikusi dute. Txotxongilo antzerki garaikidea egiten ahalegintzen dira, "arte honen historian zehar beste sortzaile askok egindako lana ahaztu gabe".