Arrasateko Ahal Duguk espazio beharra zuela atzemanda erabaki zuten ordezkariek egoitza irekitzea. "Garrantzitsua da egunerokotasuneko jardunerako bildu leku bat izatea; aurrera begira, ezinbestekoa. Horrez gain, herritarren iradokizunak jasotzea ahalbidetuko digu, besteak beste", azaldu du Igor Urizarrek, Ahal Duguko kideak. Herritarrengana eta eragileengana hurbiltzeko bide dute, beraz. Eta oraindik zehazteke dituzte egoitzaren behin betiko funtzionamendua eta ordutegia.
Bestetik, herrian ez ezik, bailara mailan duen "garrantzia" azpimarratu du Lander Martinez Ahal Dugu Euskadiko bozeramaileak:"Lanerako bitartekoa da eskualde osoko kideentzat. Eta Arrasate herri egokia da horretarako".