Duela bi aste esleitu zituzten Makatzena auzoko bi igogailuak egiteko lanak; Altuna y Uria enpresari, hain zuzen –proiektuaren diseinua Amenabar enpresak egin du–. Lanok 938.352,28 euroko kostua izango dute –BEZa barne–. Martxoko bigarren hamabostaldian hasiko dituzte eta irail bukaerarako erabilgarri egongo direla aurreikusten du Udalak.
Igogailuak jarriko dituzten tokia, gaur egun.
Hala, auzotarrek aspaldidanik eskatu izandakoa errealitate bihurtuko da. "Aurreko gobernu talde guztiek agindu zuten arazoari irtenbidea emango ziotela, baina ez dute egin. Guk agindutakoa beteko dugu", azaldu du Oscar Garciak, Obra, Zerbitzu, Mantentze Lan eta Auzoetako batzordeko zinegotziak.
Bi igogailu
Lehen igogailua gaur egun eskailera hasten den tokian jarriko dute, eta parkea dagoen altueran egingo du lehenengo geldialdia. Bigarrenak, aldiz, hiru geldialdi egingo ditu: lehena Makatzena 2 Bis bebarruan sartzeko, bigarrena gaur egun eskailerak amaitzen diren tokian, errepidearen maila berean, eta hirugarrena Makatzena erdialdearen parean, zubi antzeko batekin hara heltzeko. Zehazteke dagoen arren, beheko partean mural bat egiteko aukera aztertzen ari da Udala. Hala ere, lehentasuna igogailua dela azpimarratu du Garciak.
Alboko parkea
Igogailuak egiteko lanak egiten dituzten bitartean, alboko parkea eraberritzeko lanak ere egingo dituzte. Oraindik esleitu gabe dauden arren, ondorengo asteetan esleitzea aurreikusten du Udalak. Lanok egiteko 4-5 hilabete beharko dituzte eta 450.000 euroko kostua izango dute. Batetik, pilotalekuko estalkia berritu eta argiztapena egokitu egingo dute, erabilgarri jarrita. Bestetik, jolas-parkea ere konponduko dute eta estalki metaliko bat jarriko diote. Azkenik, jolas-parkearen alboko aparkalekua berrordenatu egingo dute, baina, Garciaren esanetan, "ez da plazarik galduko". Lan horiek egiten dituzten bitartean, Obenerrekako frontoia erabiliko dute behin-behineko aparkaleku modura.
Alboko parkea eraberrituko dute.