Gurasoentzako tailer sorta prest dauka Gizarte Zerbitzuen Sailak

Xabi Gorostidi 2018ko urt. 24a, 17:44

Hazkuntza osasuntsua, garapen emozionala eta nerabeen problematika izango dira gai nagusiak. Hiru bloke nagusitan banatu dituzte: 0-5 urte, 6-12 urte eta 13-18 urte. Tailerrak otsailetik martxoa erdialdera arte iraungo dute, eta izen emateak egiteko azken eguna etzi, ostirala, izango da.

0 eta 18 urte arteko seme-alabak dituzten familiak ardatz hartuta, hitzaldi sorta antolatu du Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak otsailerako eta martxorako.

Saio guztiak Kulturateko Loramendi gelan egingo dituzte. Horietan parte hartu nahi dutenek gaur dute izena emateko azken eguna. Horretarako, bi bide daude: udal webguneko Izen emateak atalean sartzea edo telefonoa hartu eta 943 25 20 00 edo 943 25 20 07 zenbakira deitzea. Tailerrak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira, izena ematen duten gurasoen hizkuntza jakintzara egokituta.

Hiru multzotan

Hiru adin tartetan banatu dituzte hitzaldiak: 0 eta 5 urteko haurrak, 6 eta 12 urteko gazteak eta 13 eta 18 urte arteko nerabeak, hain zuzen ere. Multzo horietako lehena, 0 eta 5 urte bitartekoa, Hezibide elkarteko Mireia Centeno psikologo eta pedagogoak gidatuko du, eta, besteak beste, errespetuan oinarritutako haziera baten oinarriak eta anai-arreben arteko zeloak eta gatazkak jorratuko ditu. Saioak astelehenetan izango dira, 18:00etatik 19:30era, otsailaren 5etik martxoaren 12ra bitartean.

6 eta 12 urte arteko multzoan, berriz, garapen emozional osasuntsua jorratuko du Mireia Centenok berak. Saioak martitzenetan izango dira, 18:00etatik 19:30era, otsailaren 6tik martxoaren 13ra. Jorratuko dituen puntuen artean daude haurren jarrera ulertzea eta gidatzea eta seme-alaben autonomia sustatzea.

Azkenik, 13 eta 18 urte bitarteko nerabeen tailerra Ardatz Formazio eta Ikasketa Zentroak gidatuko du. Saioak eguaztenetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, otsailaren 7tik martxoaren 14ra bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak