Nazioarteko musika taldeak gonbidatu dituzte Kooltur Ekintzak taldekoek urtarrileko eguenetako egitarauan parte hartzeko: Kolonbiako 1280 Almas igo zen aurreko astean Arrasateko gaztetxeko agertokira, eta bihar, eguena, Italian sortu baina jatorri askotariko kideak dituen Svetlanas izango da protagonista.
"Svetlanas taldeak Estatuan lehenengo bira egingo du eta bira horretako kontzertu bat Arrasaten egiteko proposamena jaso genuen. Zeresan handiak sortu dituen taldea da, dituzten kantuen hitz kritikoengatik, batetik, baina, bereziki, taldeko abeslari Olgaren amorruzko jarreragatik. Errusiarra da Olga, baina haurra zela amarekin Italiara erbesteratu zen; gaur egun, Olgak debekatua du Errusian sartzea", dio Kooltur Ekintzak taldeko Iker Barandiaranek.
AEBetan egin ziren ezagun eta geroago Europan ere izena hartzen joan ziren. Taldeko abeslari Olgak kontatu moduan, ez dute sekula Errusian jo, eta, oraingoz zaila dute, abeslariak galarazita du-eta 2014az geroztik Errusian sartzea. "2009tik, taldea sortu genuenetik, errepidean gabiltza eta bidean jende oso ona eta nazkagarria ere topatu dugu. Jende on hori guri buruz hitz egiten hasi zen eta eurei esker jarraitzen dugu bidean. Ez gara musika talde huts bat, mezu bat dugu eta ni pozik nago mezua muinera heltzen dela ikusita", dio abeslariak.
Amorruz betetako emakumea
Abeslariaren ustez, "ezagunagoak dira zuzenekoetan eskaintzen dituzten ikuskizunagatik sistemaren aurka aritzeagatik baino". Gaur egun bost kide direla gaineratu du. "Pentsaera bereko bost pertsona gara, eta iraganean beste hainbat taldekide izan ditugu. Munduko bandarik arriskutsuena gara. Uste dut punk-eszenan dabilen edozeinek beharko lukeela amorruzko jarrera hori izan. Svetlanas musika talde bat da guretzako, baina baita gure doktrina ere".