Emiliano Zapataren bizitza eta heriotzari buruzko antzezlan bateko lau figuranteren istorioa du Esto no me lo esperaba lanak oinarri. Ekoizleek eta protagonistek bira bertan behera uztea erabaki ostean, lau figuranteek birarekin aurrera egiteko apustua egingo dute, baina asmo horrek, hainbat ezusteko eta nahasmen ekarriko dizkiete.
Migel Muñozen zuzendaritzapean, Bego Krego, Txubio Fernandez, Helena Golab eta Miguel Angel Perez izango dira agertokian. "Zanguangok, umorezko ikuskizunak egin izan ditu beti, baina ez da umore zuria edo erraza, egunerokotasunarekin eta errealitatearekin konprometitua dagoen umorea da. Gure ikuskizunak tragikomediak dira; fokua egoera gogor eta zailetan jartzen dugu baina modu gozo eta poetikoan tratatuta.
Ikuskizun guztiak talde-lanean sortzen ditugu, hau da, testu batetik abiatu beharrean ideia batetik abiatzen gara, eta guztion artean berba eginez ematen diogu elkarrekin ikuskizunari forma; hortaz, aktoreak egile ere badira. 25 urte beteko ditu konpainiak aurten eta asko dira lortu izan ditugun sariak, adibidez, Max sariak", azaldu du zuzendariak.
Sarrerak hamar eurotan
Labetik atera berria da Arrasaten eskainiko duten obra, eta ordu eta erdiko iraupena du. "Orain arteko harrerarekin gustura gaude; Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dugu ekoizteko eta martxorako Donostiako Antzerki Jaialdirako deitu digute".
Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eskura daitezke hamar eurotan sarrerak.