"Deitu poliziari, labankada eman didate"

Goiena 2018ko urt. 19a, 20:01

Gazte bat labankadaz zaurituta eraman dute ospitalera gaur arratsaldean Arrasaten. Gertaera erdigunean izan da, Monterron Jauregiko ate aurrean, 19:45 inguruan. Lekuko batek GOIENAri adierazi dio gazte bat gerturatu zaiola esanaz poliziari deitzeko, labankada bat eman diotelako. Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du.

"Ezin dugu gehiagorik aurreratu, antza euren artean eztabaidan zebiltzala euretako bati labankada bat eman dio besteak", adierazi dio GOIENAri ertzain batek, gertaera tokian bertan. Oraindik, baina, gertatutakoa argitzeke zuten. Monterron ondoan bizi den lekuko batek GOIENAri adierazi dionez, berriz, gazte bat gerturatu zaio esanez poliziari deitzeko, labankada bat eman diotelako. Anbulantzia berehala bertaratu da Monterronera, baina zauritu hori auto partikular batean eraman dute Arrasateko ospitalera –guztira bi anbulantzia bertaratu dira–. Ospitalera eraman duten zaurituarekin batera beste bi lagunek zauri arinak izan dituzte. Hala, Ertzaintzak baieztatu du pertsona bat atxilotu dutela.

Lekukoaren testigantza

"Errekadutxo bat egitera irten naiz, eta bi gazte ikusi ditut elkarrekin borrokatzen. Haiengana gerturatu naiz, eta gelditzeko esan diet. Horietako batek labankada bat jaso duela esan dit. Lurrean jotzen ari zirela batek labana atera duela ikusi dut, eta labankada jaso duenak Ertzainei deitzeko eskatu dit. Bertatik igarotzen ari zirenei laguntzeko eskatu diet, baina ez da inor gerturatu. Ertzainei deitu diet, eta erasotuari esan diot bidean zeudela. Nire harridurarako, ordea, Ertzaintza heltzen ari zela entzun duenean, erasotua izan den gaztea lurretik altxatu da, eta ihes egiten ahalegindu da, baina ahopez erori da errepidean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak