Jada iragarri dituzte 40 minutu rock musika jaialdian izango diren taldeak; euskal presoen eskubideen alde jardungo dute musikariek. Eta tartean da Deskontrol talde arrasatearra. Otsailaren 24rako finkatu dute hitzordua, Durangoko Landako Gunean; 10:30ean hasiko da egun osoko kontzertu sorta.
"Hamazazpi kantu eskainiko ditugu. Ibilbidearen errepasoa modukoa izango da", azaldu du Oier Beitiak, taldeko gitarrajole eta abeslariak.
Des-kontrol itzuli da. Baina aukera gutxi daude Arrasatekoak taula gainean ikusteko."Kontzertu gutxi eskaintzeko asmoarekin itzuli ginen. Salbuespenak salbuespen, ez dugu urtean bi edo hiru kontzertu baino gehiago egin gura", argitu du Beitiak.
Bada, jada eskuragarri daude sarrerak, 16 eurotan –aurrez erosiz gero–. Eta Arrasaten bertan bada eskuratzeko aukerarik, Jai Zale tabernan.