"Ez genekien zenbat familia agertuko ziren eta oso pozik gaude, mordoa etorri dira eta", adierazi du Antton Martinezek, Txatxilipurdiko hezitzaileak. Ipuinak irakurtzeko gunea egokitu dute txoko batean, harearekin jolas egiteko kutxa ere eskura jarri diete umeei, eta asko ibili dira sukaldari lanetan. "Lehenengo aurkeztu egin gara guztiok, elkar ezagutzeko, eta ondoren madalenak egiten hasi".
Gurasoen proposamenak
Martxoaren 11 bitartean domeka arratsalde guztietan izango dira familien zain Okendoko ludotekan: "Aurten gainera, familien parte-hartzea bultzatu gura dugu. Guk hainbat ekintza gertatuko ditugu, baina gurasoengandik datozen proposamenak eskertuko genituzke".
Familian jolasean egitasmoa debalde da, eta izenik eman beharrik egon ez arren, aurrez jakinaraztea komeni dela gogorarazi dute ekintzak hobeto gertatu ahal izateko.