Ez da ohiko musika kontzertu bat; antzerkia, ikus-entzunezkoak eta dantzak ere baditu abenduan Andoainen estreinatu zuten Inpernuko lanak. Xabi Solano eskarmentu handiko musikariaren marka du taularen gainean beste bost musikari dauden arren: Kris Solano arreba, Zigor DZ –Esne Beltzako DJ-a–; Txus Aranburu, teklak jotzen; Arkaitz Miner, mandolinarekin eta Haritz Beristain Txiki bateria-jolea.
Inpernuko hauspo izenarekin ere ezagutzen den musika tresnaren historia kontatzen duela dio Solanok: "Garai historiko ezberdinetako pasarteak jasotzen ditu: Esne Zopak DVDan bildu genituen trikitilari ezagunen testimonioak eta nireak ere bai".
Aktore eta dantzari bergararrak
Mikel Laskurain aktorea eta Edu Muruamendiaraz dantzaria eta koreografoa ere Solanoren abentura berrian daude. "Ana Elordik eta biok hiru esketx egiten ditugu, besteak beste, Etxeberritxo eta Lajaren paperean sartuta. Ikuskizun alaia da, aurreko emanaldietan aretoa bete dugu", dio Laskurainek.