Amaia antzokia, ekitaldiz beteta martxora arte

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 11a, 19:25
'Esto no me lo esperaba' emanaldia. Argazkia: Zanguango Antzerki Taldea.

Kontzertuak, antzerkiak, opera, bertsoak, eta abar izango dira datozen hiru hilabeteetan; Esto no me lo esperaba, Ergela eta La casa de Bernarda Alba antzezlanak eta haurrendako Kontukantari 2 dira emanaldi garrantzitsuenetakoak.

Urtarrilaren 28an –domeka–, 19:30ean, Esto no me lo esperaba izeneko antzezlana izango da ikusgai, Zanguango antzerki taldearen eskutik. Emiliano Zapataren bizitza ardatz hartzen duen antzezlana da, eta figuranteen rolaren gaineko hausnarketa bultzatzen duena. Sarrerak salgai daude Arrasate.eus webgunean, 10 eurotan.

Otsailari Kontukantari 2 haurrendako antzezlanak emango dio hasiera. Hilaren 3an –zapatua– izango da emanaldia, 17:00etan. Emanaldi horrek oroimenean dauzkagun abestiak biltzen ditu, eta betiko euskal kantak erritmo ezberdinetara eraman, protagonista bilakatzen diren txotxongiloak bidelagun direla.

Otsailaren 11n –domeka–, 19:30ean, Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek Ergela umorezko antzezlana eskainiko dute. Proba psikologiko batzuetara aurkeztu da protagonista, diru pixka bat irabazteko asmoz. Bere arazo ekonomikoak konpontzeko diru erraza irabaztekotan joan da, baina tranpa eta iruzurra aurkituko ditu ordainetan. Halabeharrez, bere onenak eman beharko ditu zoritxarreko amaierarik gerta ez dadin.

Otsailaren 25ean –domeka–, 19:30ean, Los visitantes antzerkia egongo da. Sei artista handik –tartean Asier Etxeandia eta Jon Maia–, maistra batek gidatuta, ikus-entzuleekin partekatzen dute beren begirada gai aukeratu batzuei buruz. Hausnarketak, elkarrizketak, musika, eta abar uztartuko dira.

Martxoan sartuta, Izar haurrentzako antzerkiaz gozatzeko aukera izango da hilaren 3an –zapatua–, 17:00etan. Izar 9 urteko neskato bat da, gurasoen diziplina zorrotzaren ondorioz, piano-jole ospetsua da mundu mailan. Arazo bakarra dago: ez da zoriontsu.

Martxoaren 10ean –domeka–, La casa de Bernarda Alba antzezlana izango da, 19:30ean. Iraganera egindako bidaia horrek berdintasunik ezaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko salaketa egiten du.

Martxoaren 24an eta 25ean –zapatu eta domeka–, Kantari saioaren seigarren edizioa grabatuko dute, 11:00etan.

Beste hainbat ekintza

Azpimarragarrienak horiek diren arren, beste zenbait ekintza ere hartuko ditu Amaia antzokiak urtarriletik martxora bitartean: otsailaren 9an, Arrasate Musikaleko ikasleen inauterietako kontzertua; otsailaren 13an Potxin eta Patxin pailazoak; otsailaren 18an Udal Musika Bandaren inauterietako kontzertua; otsailaren 19an Il Trovatore opera; martxoaren 9an La Casa de Bernarda Alba, ikasleentzat emanaldia; martxoaren 13an bertso idatzien emanaldia; martxoaren 20an Antzerki Eskolako ikasleen emanaldia eta martxoaren 27an zinea: Laburbira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak