2017an zehar lau preso arrasatear geratu dira aske. Kepa Arkauz izan zen horietan lehena, irailaren 21ean; gero, Aratz Gomezen txanda izan zen, urriaren 19an; eta azkenik, Premin Sanpedro eta Txus Goikoetxearena, abenduaren 20an. Irailetik abendura preso kopurua zazpitik hirura pasa da. Unai Parot, Josu Arkauz eta Julen Mendizabal dira espetxean jarraitzen dutenak, eta hau da haien egoera.
Mendizabal aske maiatzean
Julen Mendizabal Osnyko espetxean dago preso, eta maiatzerako du ezarrita irteera-data. 2013ko maiatzaren 7an atxilotu zuten, eta justu bost urte geroago geratuko da aske. Zazpi urteko espetxe zigorra bete behar zuen, baina ikasketengatik hainbat egunetako erredentzioa jasotzeko eskubidea dagokio.
Josu Arkauz izango litzateke, hasiera batean, aske geratzen hurrengoa. Gaur egun, Murcia II espetxean dago, eta 2023rako dauka ezarrita irteera-data. Ordurako, 32 urte egingo lituzke preso. Presoen aldeko eragileek jakinarazi dutenez, Europako legediak dioena betez gero, 2015a ezkero egon beharko luke aske, Frantzian egindako espetxe urteak eta Espainiako zigor kode zaharrak barne zituen erredentzioak kontuan izanda.
Unai Parotek 2020an aske geratu beharko luke, 30 urte preso egon ostean. Baina espetxean ustez aurkitutako gutun baten ondorioz, 2020an hamabi urteko beste espetxe zigor bat hasiko luke, "mendekuz sorturiko" zigor kodearen aldaketa baten ondorioz, presoen aldeko eragileek adierazi dutenez. Gaur egun, Puerto III espetxean dago: "Oso baldintza gogorretan".