Urteko lehen partidua etxean jokatuko du, Hernaniren aurka, domekan, 16:30ean, Mojategin, eta Jorge Davilak eta Iker Romerok ia jokalari guztiak izango dituzte euren zerbitzura. "Gabonak izanda, birusen bat edo beste izan dute jokalariek, baina, hasiera batean, jokalari guztiak ditugu jokatzeko moduan, lesionatu bat izan ezik", azaldu du Davilak.
Gabonetako geldialdia
UDAren aurka jokatu ostean, atsedenaldi txiki bat izan zuten Mondrako jokalariek. "Astebeteko geldialdia egin genuen ligako azken partiduaren ostean. Baina, urtea amaitu baino lehen, entrenamenduak berreskuratu ditugu, 2018ko lehen partidura ahalik eta sasoikoen heltzeko asmoz", azaldu du Davilak.
Ligako oilar bat aurkari
Sailkapeneko postu gorenetara kateatzen hasteko aukera polita izango da biharkoa Mondrarentzat. Hirugarren sailkatua den Hernani izango dute aurrez aurre, eta, irabaztea lortuz gero, berdinduta geratuko lirateke bi taldeak, 30 punturekin. "Aurrealdeko trena hartzeko balioko liguke garaipenak. Denboraldi erdialdera gerturatzen ari gara, eta aurrealdean mantentzea da lortu nahi duguna". Aurkaria ondo aztertzeko lanak egiteko ohitura dute Jorge Davilak eta Iker Romerok, eta zera nabarmendu dute Hernaniri buruz: "Iazko bloke antzerakoa mantentzen dute, ez baitute aldaketa askorik egin. Orokorrean, baloia izatea gustatzen zaion taldea da, eta jokoan agintzen ahaleginduko dira".