Gaur iluntzean lan karga handia izango dute Errege magoek, Arrasateko etxeetan opariak banatzen arituko direlako. Baina hori egin aurretik, urteroko desfilean izango dira, haurren ilusioa elikatzeko.
Desfile aurretik, ordea, 17:30ean, Iturbide egoitzara gerturatuko dira hiru Erregeak, lehen opariak banatzeko asmoz. 19:00etan abiatuko da desfilea, Zerkaosteta kaletik, eta Garibai etorbidea, Maalako biribilgunea, Maalako Errabala, Portaloia eta Erdiko kalea zeharkatu ondoren, Herriko Plazara helduko da, 19:30 inguruan.
Erromatarrek zabalduko dute bidea eta haien atzetik joango dira neska eta mutiko argi emaileak. Haien ostean, Arrasate Musikaleko tronpeta joleak eta Sambamañako danbor joleak joango dira, desfileari ukitu musikala emateko. Eta haien atzetik joango dira eguneko protagonista nagusiak izango diren Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Alboan izango dituzte laguntzaileak, argi emaileak eta baita haurren korukoak ere.
Desfilearen atzealdean gurdia joango da eta haren gainean, aldiz, ekialdeko fantasia. Laguntzaileak gozokiak gurditik barrabarra banatzen egongo dira, haur eta gaztetxoen azukre desira asetzeko.
120 parte hartzaile inguru
Hiru Erregeez gain, hainbat parte hartzaile izango dira aurtengo desfilean: lau erromatar guardian, 36 argi emaile, 30 zuziekin, hiru zaldun, bederatzi zerbitzari, 30 abeslari, 25 musikari eta gurdian joango diren zortzi lagunak, besteak beste