Berriro ere Iturripeko zorua protagonista

Xabier Urtzelai 2018ko urt. 4a, 17:35

Atzo, eguaztena, bertan behera utzi behar izan zuten Lacturale Araski eta IDK-Gipuzkoa taldeen arteko partidua, hezetasun arazoengatik; lehen bi laurdenak jokatu zituzten, baina inork minik hartu aurretik hartu zuten erabakia.

Berriro ere Iturripeko zorua da albiste, oraingoan ere txarrerako. Ointxe! klubak ez ditu 50. urteurreneko ospakizun ekitaldiak gura moduan hasi, zer eta hezetasun arazoengatik. Izan ere, eguazteneko hitzordua bertan behera utzi behar izan zuten, Iturripeko harmailak jendez beteta zeudela. Eta, hala ere, ondo hartutako erabakia izan zen, jokalariek min hartzeko arriskua zuten eta –bihar bertan Araskik Leonen jokatuko du eta IDK Gipuzkoak, Zamoran–.

Arazoa ez da berria
Bada, zale debagoiendarrak eta Gipuzkoatik eta Gasteiztik etorritako jarraitzaileak saskibaloi gosez geratu ziren, hasierako bi laurdenak baino ez zituzten-eta jokatu (29-24). Baina arazoa ez da berria. Bai Antoñako kantxan  –Musakolan– eta baita Iturripen ere hezetasun arazoak aspaldikoak dira –Iturripen itoginak ere egon izan dira; horiek konpontzeko zenbait lan egin izan ditu Udalak–. Hain dira aspaldikoak, Iturripen lanean urteak daramatzatenek gogoan dutela ondoko eraikina egin zutenean hasi zirela hezetasun horiek kantxan.

Jasotako iritziak:

Partidua amaieran zera adierazi zuen Ointxe!ko kirol zuzendari Gorka Zurutuzak: "Hezetasun handia zegoen kantxan eta zorua oso labainkor zegoen. Hala, inork min hartu aurretik, jokalarien, taldeko ordezkarien eta Ointxe!-koen artean hartu dugun erabakia izan da bertan behera uztea partidua. Pena da, kanpotik jende asko etorri da-eta norgehiagoka ikustera". Hain zuzen, arazoa bertatik bertara ikusi ahal izan zuten Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak eta kiroletako zinegotzi Ander Garaik, harmailetan zeudelako partidua jarraitzen: "Egia da Iturripek arazo handiak eman dituela azken urteotan, eraikin zaharra da, baina halako hezetasun handia ez dugu lehenago ezagutu. 2018rako aurreikusten dugu zorua aldatzea, baina ikusi egin behar dugu gaurko arazoa gauza puntual bat izan den edo gehiagotan gerta daitekeen", gaineratu zuen Garaik.

Telebistan jasota, 2014an
Adibide moduan, 2014ko urtarrilaren 28an GOIENA telebistak Harmailatik saioan erakutsi zuen zelan ibili ziren MUko saskibaloi jokalariak –eta kontrarioak– hankaz gora ligako partidu batean. Orduko udal ordezkariei bideoak ez zien graziarik egin, baina arazoak hor jarraitzen du, nahiz eta oso tarteka gertatzen den. Hemen arazoa "umorez hartuta" egindako bideoa:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak