Dia Ligan jokatzen duten –emakumezkoen saskibaloiko maila gorena– Lacturale Araski eta IDK Gipuzkoa taldeen arteko lagunartekoarekin hasiko du Ointxe! klubak 2018a. Urte berezia izango da arrasatearrendako, klubak 50 urte beteko dituelako aurten, eta puntako lagunarteko partidu honekin ekingo diete ospakizunei.
Sailkapenaren erdialdean daude bi taldeak
IDK Gipuzkoa taldea sailkapenaren erdi-erdian dago, 22 puntu batu dituzte hamalau jardunalditan, eta puntu bat gutxiago du talde arabarrak, Lacturale Araskik. Ligan dagoeneko jokatu dute elkarren kontra, azaroa amaieran izan zuten norgehiagoka, eta arabarrek ezustea eman zuten gipuzkoarren kantxan, 57-61 irabazi zuten-eta. Bada, badirudi Iturripen pare-parean egongo direla indarrak.
Norgehiagoka ikusteko ez da sarrerarik ordaindu beharko.