Bi gizon izango dituzte gogoan aurten urteurren borobila beteko duen Santamas Krosean. Izan ere, hamabost urte dira lasterketa herrikoi hau Enrike Kabiketaren omenez egingo dutena, eta, horrez gain, aurten zendu den eta hainbat urtetan epaile lanak egiten aritu izan den Jose Ramon Petreñas ere omenduko dute, haren emazteari oroigarri bat emanda.
Ohikoa den moduan, haurren txanda izango da lehenengo. 11:00etan, 13 eta 14 urtekoek hartuko dute parte –800 metroko lasterketa, Kajoi tabernan hasita–; 11:10ean, 11 eta 12 urtekoek –600 metroko lasterketa Azkoaga M.F. farmazian hasita–; 11:20an, 10 urtekoek –400 metroko lasterketa, Kajoi tabernan hasita–; 11:30ean, 9 urtekoek –400 metroko lasterketa, Kajoi tabernan hasita–; 11:40an, 8 urtekoek –175 metroko lasterketa, Azkoaga M.F. farmazian hasita–; 11:50ean, 7 urtekoek –175 metroko lasterketa, Azkoaga M.F. farmazian hasita–; eta eguerdiko hamabietan, 5 eta 6 urtekoek –100 metroko lasterketa, Kajoi tabernan hasita. Fernando Zufiria antolakuntzako kidearen esanetan, haurren lasterketa horiek giroa alaitzen laguntzen dute. "Neska-mutiko askok hartzen dute parte eta hori oso pozgarria da guretzat", azaldu du.
Horren ostean, 12:30ean, kuadrillen arteko lasterketari emango zaio hasiera. 5,8 kilometro egin beharko dituzte lasterkariek, herriko kaleetan. Ibilbideari dagokionez, azken urteetakoa izango da, eta ibilbide horri lau itzuli eman beharko dizkiote parte-hartzaileek.
Izen-ematea: bost euro
Egunean bertan eman beharko da izena, lasterketaren aurretik, eta bost euro ordaindu beharko dira. Iaz 270 parte-hartzaile inguru izan ziren, eta, Zufiriaren esanetan, aurten 300era heltzea da asmoa. "Urtetik urtera lasterkari kopurua haziz doa eta aurtengoan 300era heltzeak ilusioa egingo liguke", azpimarratu du antolakuntzako kideak.