Arrasateri Bira izeneko mendi ibilaldia egingo duzue domekan. Zer da, zehazki?
Arrasate inguruan egingo dugun ibilaldi bat izango da, gure mundu txikia ezagutzeko aukera emango diguna. Mendizaleen programetan begira, ikusi genuen zenbait herrik halako birak egiten dituztela. Eibarren, adibidez, herria inguratzen duen ibilbidea egiten da urtero, eta, hori oinarritzat hartuta, Arrasaten gauza bera egitea erabaki dugu.
Nondik nora ibiliko zarete?
Jose Maria Arizmendiarrieta plazatik abiatu, eta hainbat tokitatik pasako gara: Kurtzetxiki, inguruetako zenbait baso, San Cristobal, Meatzerreka, Udala, Uribe eta Garagartza auzoak...
Lau ibilbide egongo dira, ezta?
Hori da. Helburua herrikoia izatea da; beraz, ez da eskatzen federatuta egotea, ezta izen ematea ere. Aukera ezberdinak eskaini behar genituela garbi genuen, eta lau ibilbide osatu ditugu: motzena ume txikiekin doazen familiei zuzendutakoa izango da, Kurtzetxikira igo eta ospitaleraino, 7,1 kilometro. Bigarren ibilbideak 12 kilometro izango ditu, hirugarrenak eta 15,4 kilometro eta bira osoak 18,8 kilometro.
Nola animatuko zenituzke herritarrak ibilaldian parte hartzera?
Giro polita sortuko da denon artean, eta, eguraldiak laguntzen badu, paisaia ederrak ikusiko ditugu; batez ere, Kurtzetxikitik. Udala auzoa ere oso polita da, nahiz eta askorentzat ezezaguna izan. Goiz ederra pasatzeko aukera bikaina izango da.