Ibai-Artek Gabonetarako ekimen ugari prestatu ditu

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abe. 14a, 18:45

Etxeko txikienentzako ekintzak eskainiko ditu Ibai-Artek Gabonetan. Abenduaren 16an, puzgarriak eta proba eta trebetasun jolasak egongo dira Biteri plazan. Abenduaren 21ean, 22an eta 23an aldiz, Txu-txu trenak Arrasateko kaleak zeharkatuko ditu.

Gainera, aurrez jakinarazitako moduan, erosketak Arrasate Txartelarekin ordaintzen dituzten bezeroen artean Gabonetako 100 otzara zozketatuko dira abenduaren 22an.

Bestalde, Ibai-Arteko kide diren saltokiek Erregeetako loteria-txartelak oparituko dituzte bezeroen artean. Aurtengo zenbakia 54.7458 da. Horretaz gain, erosketetan Arrasate txartela erabiliz gero fidelizazio sistema berrira atxikituta dauden saltokietan hurrengo erosketarako deskontuak izango dituzte bezeroek.

Horri lotuta, erosketak erosoago egin ahal izateko, Laubideko parkingean ordubete doan aparkatzeko txartelak ere oparituko dira erosketekin batera. Ibai-Arteko saltokietan eskatu beharko dira txartelak erosketak egin ostean.

Haurrentzako Ibai-Arteren egitaraua

Abenduak 16

Haur eta gazteek disfrutatzeko animazioa jarriko da Biteri plazan, goizean, 11:30etatik 13:30era eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara. Bertan puzgarriak, proba jolasak, trebetasun jolasak eta askoz gehiago egongo da. Euria egiten badu ekimen hau bertan behera geratuko da.

Abenduak 21, 22 eta 23

Ibai-Artek Txu-txu tren bat jarriko du udalerriko kaleetan barrena ibiliko dena. Abenduaren 21ean eta 22an arratsaldez 17:00etatik 20:00tara eta 23an egun osoz 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ibilbidea Zerrajerako erlojuaren eraikin aurrean hasi eta bukatuko da. Arrasate txartela erakutsita bidaia doakoa izango da (4 pertsonentzat), bestela 50 zentimo ordaindu beharko da ibilbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak