Maria Zubimendi gipuzkoarra eta Neza Torkar esloveniarra nagusi 25. Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 11a, 08:25

Arrasateko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketaren 25. edizioan, lehenengoz, puntu kopuru berbera jaso dute bi finalistek, 46,03. Hori horrela, sari nagusia bi akordeoilarik partekatu dute, Maria Zubimendi zumaiarrak eta Neza Torkar esloveniarrak. Hirugarren saria beste gipuzkoar batek jaso du, Lore Amenabar irurarrak (44,81 puntu).

Abenduaren 7tik 10era iraun duen lehiaketak goi mailako akordeoi doinuak ekarri ditu beste behin Arrasatera, Hauspoz elkartearen eskutik. Atzo iluntzean banatu zituzten sariak Amaia antzokian, Donostiako Araoz Gazte abesbatzak eta Haatik dantza taldeak girotutako ekitaldian.

25. izateak berezia egin du aurtengo lehiaketa, eta sarituek are bereziagoa egin dute antolatzaileen esanetan: batetik, orain arte bi emakumek bakarrik zutelako jasoa sari nagusia, eta aurten "bikoiztu egin delako kopuru hori"; eta bestetik, Zubimendi izan delako Arrasateko dragoia garaikur nagusia eskuratu duen bigarren euskal musikaria, "1997tik gertatzen ez zena".

Epaimahaian izan dira sei herrialdetako entzute handiko sei akordeoilari: Stefan Hussong (Alemania), Geir Draugsvoll (Norvegia), Friedrich Lips (Errusia), Iñaki Alberdi (Euskadi), Vojin Vasovic (Serbia) eta Matti Rantanen (Finlandia). Eta aurtengo parte-hartzaileen maila handia nabarmendu dute horiek.

Saria bi lagunen artean banatzerakoan bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu eta kontzertu bira eskainiko du. Hirugarren postua eskuratu duenari, ostera, 1.000 euro dagokio.

Gipuzkoako lehiaketa

Nazioarteko lehiaketarekin batera Gipuzkoako 38. lehiaketa jokatu zuten asteburuan, eta sariak atzo banatu zizkieten irabazleei.

Senior maila (18 urtetik gorakoak):

  • Aaron Carrion (Madril): 1. saria, 800 € eta diploma
  • Irene Urrutia (Bizkaia): 2. saria, 500 € eta diploma
  • Remi Briffault (Bretainia): 300 € eta diploma

Junior maila (14 eta 18 urte artean):

  • Maitane Arretxe (Gipuzkoa): 1. saria, 400 € eta diploma
  • Ainhoa Quintana (Gipuzkoa): 2. saria, 300 € eta diploma
  • Asier Capon (Gipuzkoa): 3. saria, 200 €

Infantil maila (14 urtetik beherakoak):

  • Ines Garcia (Galizia): 1. saria, 200 € eta diploma
  • Ilazki Iturralde (Nafarroa): 2. saria, 150 € eta diploma
  • Violeta Diez (Kantabria), 3. saria, 100 € eta diploma

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak