Partidako lehen zatian Mondrak jarri zuen intentsitate mailak hiru puntuak etxean utzi zituen atzo, Ordiziaren aurka (1-0). Liderra hartu zuten etxean Jorge Davilaren mutilek, baina nor baino nor gehiago aritu ziren bi taldeak. Mondra gehiago izan zen lehen zatian, eta hor lortu zuen gola etxeko taldeak. Atezainaren aldaratze kaskarra ederki aprobetxatu zuen Andonik markagailuan 1-0ekoa jartzeko, hain zuzen ere.
Zelaian sendo egon zen Arrasateko taldea, eta baloia ondo kontrolatu zuen. Ordiziak aireko jokoan izan zituen aukera argienak, baina hor ere bikaina aritu zen zuri-moreen defentsa. Azkenean hiru puntuak Mojategin gelditu ziren.
Bestalde, sarrerekin bildu zuen diru guztia Gurutze Gorriaren jostailu berriak banatzeko kanpainara bideratuko du Arrasateko taldeak.