Antolatutako ibilaldi berriaren helburuak azaltzeko ohar bat plazaratu dute. Ondorengo hausnarketa da ibilaldia antolatzera bultzatu dituena:
"Askotan mundu zabalean galdu egiten gara ez dakit zer Herri ezagutzeko asmotan eta kontinente bat bada, hobe. Mundua ezagutzea oso ondo dago, pentsaera zabaltzeko balio du baita, baina maiz kanpora joateko plana egiten dugu eta gure “mundu” txikia ez dugu ezagutzen. Horregatik Besaide Mendizale Elkarteak Arrasateri bira mendi-irteera planteatzen du datorren abenduaren 17rako".
GPS-a ondo erabiltzeko ikastaroa
Datorren urtean, GPSa mugikorrarekin erabiltzen ikasteko lehen urratsak emateko aukera eskainiko du Besaide Mendizale Elkarteak, beti ere bazkide direnentzat eta mugikorra maneiatzen gutxienezko abilezia dutenentzat. Urtarriletik hasita (eta eskaeraren arabera hilean behin), larunbat goiz batean (urtarrilak 20an, 1. saioa), 09:00etatik 13:00ak arte Besaideko egoitzan (Garibai 3 bis) .
Izen-emate epea urtarrilak 1etik 19ra luzatuko da, besaide@besaide.eus helbide elektronikora idatzita edo asteartetan eta asteazkenetan 19:30etatik 20:30etara Besaideko egoitzara bertaratuz edo ordutegi horretan telefonoz deituta.
Doako saio praktikoa izango da eta hamar ikaslerentzat egongo da lekua. Eraman beharrekoa: mugikorra (Android sistema eragilearekin), mugikorraren kargadorea eta SD txartela (8 GBekoa gutxienez), besterik ez. “Gaur egun internetek eskaintzen dizkigun doako zerbitzuez baliatuko gara mendizaletasunean aplikatzeko. Mendian edozein arrazoirengatik galtzeko arriskuaren prebentzioa du helburu saio praktiko honek”, azaldu du Sergio Serranok, Besaideko ekimenaren sustatzaileak.