Orain artekoa iraultzen hasteko garaipena

Iker Oñate 2017ko abe. 2a, 21:30

Ointxe! saskibaloi taldeko mutilak ez dabiltza gura moduko denboraldia egiten –partidua hasi aurretik, hamabosgarren postuan ziren arrasatearrak–. Baina, beldurrak alde batera lagata, garaipena erdietsi dute gaurkoan, Kantabriako Gallofa Cantbasket taldearen kontra: 75-70.

Partidu zaila espero zuten Ointxe!-koek, eta aurreikuspenek ez dute kale egin. “Jakin bagenekien talde sendoa genuela aurrean, hasieratik bukaerara zail jarriko zigula garaipena”, dio Iñaki Ogara Ortiz de Arrik, taldeko entrenatzaileak –Arri-k bigarren partidua zuen gaurkoa–.

Dena den, egoera kontrolatzen jakin dute arrasatearrek, eta partiduan izandako jarrerak eman die fruiturik. “Pazientziaz jardun dugu balantza kontran geneukan minutuetan. Halakoetan, ezinbestekoa da hori", azaldu du taldeko entrenatzaileak.

Besteak beste, irabazi gura bazuten, Ointxe!-koek gogor jardun behar zuten defentsan, eta, oro har, lortu dute helburua. “Min egin dezaketen jokalari ugari dituzte kantabriarrek, batez ere, barrualdean. Irabazi gura bada, horien jokoa gelditu beharra dago. Neurri batean, lortu dugu hori”, dio Arri-k.

Bestetik, aurreko partiduekin alderatuta, kanpoko jokoan ere nabaria da alderik; hiruko jaurtiketa gehiago sartu dituzte. Barruko eta kanpoko jokoa tartekatzeak zeresana izan du horretan: “Erasoa zona bakarrera ez mugatzeak espazio gehiago eskaini dizkigu hiruko jaurtiketetarako. Espazioekin, errazago etorriko dira saskiratzeak”.

Horrenbestez, Ointxe!-koak “pozik” dira garaipenarekin. “Ondo datorkigu. Ez soilik eskuratutako puntuengatik; horrez gain, psikologikoki lagungarri zaigu gaurkoa”, dio Arri-k. Beraz, argi dute hemendik aurrerakoa: "Lanean gogor jarraitu beharra dugu. Oraingoz, ondo bidean goaz".

Hala, garaipenak garaipen, arrasatearrak aurrera begira jarriak dira dagoeneko: bi partidu jokatuko dituzte datorren astean. Horietan erdietsitako emaitzek asko alda dezakete panorama. Gaurkoan, behintzat, eman dute orain artekoa iraultzen hasteko lehen urratsa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak