Izen berria du Arrasateko Euskalgintzak; Geike bilgunea. Eta Geikek antolatuta hainbat saio eta ikuskizun izan dira gaur eguerdian aurrerantzean Euskararen plaza izan den espazioan. Udaltzaingoa, Txatxilipurdi elkartea eta Ereindajan dauden ondoko parkea izango da hemendik aurrera Euskararen plaza, eta Eskuter txapelketa, bertso-rap emanaldia eta hainbat horma-irudiren erakusketa izan dira bertan.
Plaza behar den moduan inauguratzeko plaka ipini dute hormetako batean. Txalo artean hartu dute ekintza bertaratutakoek. Konpartsa eta gaiteroak ere bertan izan dira eta festa giroa eman diote ekitaldiari. Bertso-rap emanaldiak ere asko lagundu du horretan. Aneguriak eta Oihana Aranak egin dute.
Astean zehar herriko hainbat ordezkariren parte-hartzearekin egindako horma-irudi erraldoia ere ikusgai egon da Euskararen plazan, eta horrekin batera ikastetxeetan Euskararen Egunerako kaxaz osatutako horma-irudiak.
'Euskaraldia'
Geike elkarteko ordezkariek aurrerantzean ere ekintzak antolatzen jarraituko dutela adierazi dute, eta bertan parte hartzeko eskatu diete herritarrei. 2018ra begira Euskaraldia izeneko erronkari heldu nahi diotela adierazi dute.