HIESaren Kontrako Mundu Eguna da gaurkoa –abenduaren 1a–. Horren bueltan, gaixotasunaren prebentziorako informazioa helarazten jardun dute boluntarioek. “Finean, jakina da sendatu ezin daitekeen gaixotasunaz dihardugula. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela horren inguruko informazioa hedatzea”, dio Gorka Mariak, Gurutze Gorriko kideak. Hainbat bitarteko erabili dituzte informazioa hedatzeko: esku-orriak eta koaderno informatiboak, tartean.
Besteak beste, gizartean zabalduta dauden hainbat “uste oker” kolokan jarri gura izan dituzte ekimenaren bultzatzaileek. “Esaterako, oraindik badago HIESa listuaren bidez itsatsi daitekeela uste duenik; hori ez da egia. Soilik, sexu harremanetan, odol transmisioan edo haurdunaldian itsatsi daiteke HIESa”, argitu du Mariak.
Urteekin kontzientziatuago
Urteak daroatzate ekimenarekin, eta esperientziak erakutsi die jendea kontzientziatuago dagoela HIESaz. “Gaur-gaurkoz, esan dezakegu jendeak gehiago dakiela gaixotasunaz. Egiten dizkiguten galderetan nabari dugu hori”, azaldu du Mariak.