Domekan egingo dute Arrasateko III. ziklo-krosa, eta aurrez, orain arteko lasterketa erakargarriena izango da. Ibilbideari dagokionez ez dago aparteko nobedaderik, Markuleten izango da eta antolatzaileek aldaketa txikiren bat edo beste egingo dute, baina kirolariak eurak dira lasterketa bat handi egiten dutenak, eta domekan puntako ziklistak batuko dira irteera puntuan.
Hernandez eta Larrinaga
Elite mailan (13:00), joan den astean Lezaman irabazi zuen Aitor Hernandez da faborito nagusia, baina orduan Javier Ruiz de Larrinagak ez zuen lasterketan parte hartu, eta domekan irteera puntuan izango da. Euskal Herriko ziklo-kros ordezkari onenetakoak inoiz ez dira Arrasaten aurrez aurre egon, eta domekan bien arteko lehia ikusi ahal izango dute zaleek. Ez euren artekoa bakarrik; izan ere, Asier Munitxa –Berrizen bigarren– eta Iñigo Gomez ere egongo dira lasterketan. Eta, berez, lasterketa irabazteko ez badago ere, Gorka Izagirre World Tourreko ziklistaren parte-hartzeak ere arreta piztu du: "Dakigunez, Bahrain Merida taldeak eskatu dio urtarrilerako sasoian egoteko, eta ziklo-krosa erabili gura du sasoi puntua hartzeko. Eta badakit ez dela paseatzera etorriko, duena ematera etorriko da. Hiru lasterketa egiteko baimena eman diote, aurreko astean Lezaman egon zen –podiumera igo zen– etzi Arrasaten egongo da eta Euskadiko Txapelketan parte hartzeko asmoa du, Izarran, abenduaren 30ean", dio Zigor Urainek. "Izagirretarrak lehenago ere lehiatu izan dira gurekin ziklo-krosean, gazteak ginenean. Eta aita bera Espainiako txapeldun izandakoa da; horrenbestez, ziklo-krosa ez da berria eurendako. Lezaman hirugarren sailkatu zen Izagirre, baina Larrinaga eta Hernandez koska bat gorago daude orain momentuan. Eta Markel Uriarte aretxabaletarrak ere parte hartzeko asmoa du".
09:45ean hasita
Domekan, master mailako ziklistak izango dira zirkuitura sartuko diren lehenak, 10:45ean kadeteak lehiatuko dira eta 11:30ean gaztetxoen txanda izango da; federatuta egon barik ere, Dorletako Amako antolatzaileek ziklo-krosa sustatzeko helburuarekin lasterketa antolatuko dute –bizikleta norberak eroan beharko du–. 12:00etan gazte mailakoak eta emakumezkoak lehiatuko dira eta 13:00etan, eliteak eta 23 urtez azpikoak.
"Baldintza onak izango ditugu etzi"
Amateur mailan lehiatzen zenetik ia 20 urte pasa dira, baina Zigor Urainek bizikleta gainean gozatzen jarraitzen du. Enduroak harrapatu du azkenaldian, baina ez du ziklo-krosa baztertu gura, nahiz eta lehen baino lasaiago dabilen. Dorletako Amako lagunekin batera antolatzaile lanetan dabil arrasatearra: "Zortea izan dugu egutegiarekin, eta, kasualitatez bada ere, izen handiak datoz domekan. Iaz Arrasateko lasterketak Espainiako txapelketarekin bat egin zuen, eta ziklista asko kanpoan egon ziren [Valentzian]. Domekan, berriz, oso jende ona izango dugu gurean".
Hotz, baina euri barik Eguraldiari dagokionez, berriz, domekarako txukundu egingo duela diote iragarpenek: "Domekan lasterketa ikusteko baldintza aproposak izango ditugu: ateri egongo da, lokatza izango dugu... Ziklistendako, berriz, hotz egingo du eta zirkuitua nahiko tekniko egongo da, baina lasterketa polita ikusi ahal izango dugu. Tunelaren inguruko belardiak bigunagoak dira, baina helmugako zuzeneko belardietan zorua gogor egongo da. Ea jendea ikustera etortzen den".