Ospitaleko eta Anbulatorioko sarreren parean dagoen argindar banaketa dorreak desagertzeko bidean daude. Bertako argindarra jasotzen duten enpresekin akordioara heldu ostean, bost aldeko akordioa sinatu dute Udalak, Iberdrolak, Ospitaleak, Gelma Fundiciones-ek eta Fagor Arrasatek.
"Arrasaten aspalditik egon den eskaria da tentsio altuko linea kentzearena. Ez da ohikoa jende asko igarotzen den espaloi baten gainean horrelako linea bat ikustea. Estetikoki ez da batere atsegina, eta lurperatuz gero are seguruagoa izango litzateke. Eraiki zenean, industri gune bat zen, gaur egun ospitalea dagoen tokian Union Cerrajerako biltegia zegoelako, baina gaur egun egoera bestelakoa da, eta beharrezkoa da hori kentzeko neurriak hartzea" azaldu du Ibon Arrupe Hirigintza, Mugikortasun eta Ingurumen zinegotziak.
Gastuak partekatuz
Argindar linea lurperatzeak 275.320 euroko kostua izango du, BEZ gabe, eta bost aldeen arteko akordioan jasotzen denez gastuak denen artean banatuko dituzte. Hala, Udalak eta Iberdrolak 62.660 euro jarriko dituzte, eta Ospitaleak, Gelma Fundiciones-ek eta Fagor Arrasatek, aldiz, 50.000 euro, BEZ gabe.
Bost hilabetean eginda
Lanak egiteko esleipen fasea irekitzeko prest dago, beraz, urte hasieran lanak hasteko moduan izango dira. "Bost hilabeteko tartean lanek eginda egon beharko lukete. Lehenik eta behin lurpeko hornidura egingo da, eta behin hau martxan dagoela, dorreak kenduko lirateke".