Musakolako barruko igerilekua, berriro ere zabalik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko aza. 23a, 11:38

Azaroaren 22an ireki zuten berriro ere igerileku handia, 08:30ean.

Pseudonoma izeneko bakteriaren presentzia dela-eta, itxita egon da astebetez Arrasateko Musakolako barruko igerileku handia. "Desinfekzio sakon baten" ostean, atzo, hilak 22, ireki zuten berriro: "Berez, bakteria horrek ez du ezer larririk sortzen gizakiarengan, beti ere aurrez gaitz larriren bat ez badago".

Musakolako Kiroldegiko igerilekuetan hilero egiten diren analisien ondorioz, igerileku handia itxi egin behar izan zen aurreko astean "desinfekzio sakon bat" egin ahal izateko, bertan agertu zen bakteria baten ondorioz. Horretarako igerilekua hustu egin zen eta garbiketa egin eta gero, berriz bete eta ura berotzeko prozesuari ekin zitzaion. Astelehenean etorri ziren uraren analisiak berriz ere egitera eta horien emaitza eguazten goizeko 08:30tan jaso zituen Udaleko Kirol Zerbitzuak. Emaitzak "ezin hobeak" dira, pseudomona bakteria desagertu dela adierazi dute-eta, egindako desinfekzio lanek euren helburua bete dutela ikusita, igerilekua berehala zabaltzea erabaki da, aurreikusten zena baino egun bat lehenago.

Erabiltzaileentzat sortu diren eragozpenak ikusita, igerilekua itxita egon den egunetan Aretxabaleta, Bergara eta Eskoriatzako Udalekin adostu zen Arrasateko igerilekuko abonatuak herri horietako igerilekuetara joateko aukera izatea.

Aurrez ondo dutxatu beharra 

Egun hauetan zehar asko izan dira igerilekuan irten den bakteria zein motatakoa zen jakin nahi izan dutenak. Eta hauek nola ekidin ahal diren ezagutu nahi izan dutenak.

Igerilekua ixtera behartu duen bakteriaren izena pseudomona da, gizakien gorputzean –axiletan eta genitaletan– aurki daiteke; leku hezeak oso aproposak izaten dira bakteria hauek hazi eta ugaltzeko. Oso erresistentea den bakteria bat da, baina berez, ez du ezer larririk sortzen gizakiarengan, beti ere, honek aurrez gaixotasun larriren bat ez baldin badauka.

Pseudomona beraz, ohikoa den bakteria bat da, eta berau ekiditea ez da batere erraza. Hala ere, oso lagungarria da lan horretarako igerilekura sartu aurretik dutxa on bat ematea, batez ere izerdituta (kirola egin ondoren edota sauna hartu eta gero eginda adibidez) iristen bazara bertara. Igerilekura sartzerako orduan gorputza zenbat eta garbiago eduki, bertako uretan bakteriak sartzeko orduan eta aukera gutxiago egongo dira.

Hau dela eta, datozen egunetan, kanpaina txiki bat jarriko da abian Kirola Sailetik igerilekura sartu aurretik dutxa hartzeak duen garrantziaz jendea jabetu dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak