2010ean iritsi zen Josu Larreategi Ointxe! Saskibaloi Taldera. Aldaketa askoko urtea izan zen hura; ordura arte lehenengo taldeko entrenatzaile Javier Zurbano ordezkatzera etorri zen Larreategi, baina eskoriatzarra ez zen nobedade bakarra izan, Gorka Zurutuza kirol zuzendari modura hasi zelako lanean. Larreategik zazpi urte zeramatzan kantxetatik kanpo, baina saskibaloia barru-barrutik ezagutzen zuen, eta eskarmentu handia zuen, onenekin lan egiteko aukera izan zuelako lehenago. Izan ere, urte asko eman zituen Baskonian, besteak beste, Ivanovic, Manel Comas edota Scariollo moduko entrenatzaileen ondoan.
Arrasateko klubak, baina, atzo, astelehena, eman zuen jakitera Larreategik zuzendaritzari egindako eskaera, erreleboa eskatu du lehenengo talderako, baina harrobiarekin jarraitzeko gertu dago.
Bederatzi jardunaldi, eta bi garaipen
Entrenatzaileek zikloak bizi izaten dituzte taldeetan, eta Josu Larreategik MUko talde nagusian bizi izandakoa zazpi urtekoa izan da, emankorra, horrenbestez. Denbora tarte horretan Maila Nazionaletik EBAra igotzeko kapaz izan dira, urteak daramatza lehenengo taldean diharduten jokalari askorekin lanean, eta aldaketa baterako beharra dagoela ikusi du.
Ekainean EBA maila galdu eta gero Ointxe!ko zuzendaritzak bulegoetan lortu zuen kategoriari eustea, maila horretan geratutako hutsuneetako bat aprobetxatuta. Izån ere, Ointxe!k 50 urte beteko ditu aurten, eta urteurren hori EBA moduko maila batean ospatu gura zuten. Horretarako taldea indartu gura izan dute, baina zorte handi barik. Izan ere, bederatzi jardunalditatik bi irabazi dituzte arrasatearrek. Ea, bada, entrenatzaile aldaketak jokalariak motibatzen dituen, eta azken asteotako dinamika aldatzen duten.