Partidua hasi orduko atzetik izan da MU, jokalariak pattal eta ezin saskiratu jardun dute atsedenaldira bitartean. Hala, Josu Larreategi entrenatzaileak onartu du hasieratik egin dituztela akatsak, defentsan zein erasoan: "Valle de Eguesekoek defentsan jokatu dituzte 40 minutu. Eta guk ez dugu konfiantzarik izan gure saskiratzeetan". Hiruko marratik 15 bat jaurtiketa bota dituzte baina ez dira sartu horiek, eta taula azpitik sartzea ere kosta egin zaie. "Ez baduzu saskiratzen ez barrutik, ez kanpotik, defentsa lan ona egin arren zaila da irabaztea". Hala, 22-30 iritsi dira atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean piztu egin dira une batez MUkoak eta 31-30 aurreratu dira; horixe izan da aurretik jarri diren une bakarra. Laugarren laurdenean puntuak etxean geratzeko ahaleginetan jardun dute eta 38ra berdintzea lortu dute. Azken segunduetan, ostera, puntu bakarrera jarri dira 55 eta 56: "Azken unean, baina, baloia galdu egin dugu eta hortxe bukatu da guztia".
Satchellek minutu batzuk
Lesionatuta egon den Justin Satchell amerikarrari minutu batzuk eman dizkio Larreategik astean ondo jardun duelako entrenatzen, baina lau bat minutu bakarrik jokatu ditu: "Bere jarrera gaurko partiduan ez zait batere gustatu; lasai irten da eta taldeari ez zitzaion komeni halako jokalari bat kantxan, horregatik kendu egin dut".