Josu Arteaga: "Zirikatzeko eta adarra jotzeko da rock-and-rolla"

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 17a, 14:45

Bost urte diskorik atera gabe egon ostean, 'Rockanrolla mailu bat da' izeneko CD-liburua grabatu berri du rockaren ghettoan bizirauten duen hirukoteak. 2012an kaleratu zuten azken diskoa –La sed del fuego–, eta lan berria besapean dutela datoz orain, betiko izaera zirikatzaileari uko egin gabe

Azken lana 2012an atera zenuten. Zer gertatu da taldean ordutik hona?

Duela bost urte laukotea ginen, baina taldeko showman-ak lana aurkitu zuen. Taldeak exijitzen dituen konpromisoei eusteko zailtasunengatik, hau uztea erabaki zuen eta hirukote moduan gelditu gara. Egia da laukote erara errazagoa dela agertokia betetzea, baina, musikalki, Motorhead bezalako hirukoteen soinua betidanik gustatu izan zaigu, eta abesti berriak konposatzeari ekin genion.

Hirukoteek beti dute meritu handiagoa, ezta?

Zuzenekoetan, batez ere, zailagoa da hirukote moduan jotzea, akatsak igartzeko tartea asko zabaltzen delako. Baina diskoan gitarra mordoa sartu ditugu. Grabazioa beste mundu bat da.

Rockanrolla mailu bat da CD-liburuan zer aurkitu dute zaleek?

Nahiko arrakasta izan duen nobela bat atera nuen, Historia universal de los hombres gato izenekoa. Berriki argitaratu da bigarren aldiz, Mexikon ere salduko da laster, eta frantsesera itzuli dute. Bigarren pasarte bat argitaratzeko eskatu zidaten argitaletxekoek, baina, familiaren, taldearen eta bestelako gauzen artean, ez dut astirik. Orduan, liburuko pasarte batzuk atera ditut, eta CD barruan sartu ditugu. Zertarako? Nagusiki, Rajoyk eta konpainiak %21eko BEZa jartzen dietelako CDei, eta liburuei, aldiz, %4koa. Beraz, CDa liburu barruko opari gisa salduko dugu, eta %4ko zerga izango du.

Mailuek gauzak apurtzeko balio dute. Zer apurtu nahi duzue zuek?

Rock-and-rolla industria hutsa bilakatu da. Baina, hastapenetan, zirikatzeko eta adarra jotzeko bidea zen, eta guk horretan sinesten dugu.

Zuen azken lanak oihartzuna izan zuen Amerika aldean. Ba al daukazue han jotzeko asmorik?

Oraingoz, irteeratxoak lotu ditugu Madrilerako eta baita Andaluziarako ere. Bartzelonan ere kontzertu bat lotu nahian gabiltza. Aurreko diskoarekin, Kuban jotzeko aukera eskaini ziguten, baina ezinezkoa izan zen data aproposa aukeratzea. Aipatutako irteerez gain, inguruko bazterretan ere joko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak